Senpereko aintzirako obrak maiatzaren 10erako finitu nahi dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 27a, 10:00
Martxoaren 3an egin zuten lanen aurkezpena. Tartean ziren Dominique Idiart Senpereko auzapeza eta Emilio Tena ISF Ingènèrieko zuzendaria.

Martxoaren 3ko bilkuran Philippe Poulet axuanta gogoan izan du Dominique Idiart auzapezak 

Martxoaren 3an, bilkura bat antolatua zen Senpereko aintziran puntu bat egiteko hango ur-isuriko lanen aitzinatzeaz. Dominique Idiart auzapezak emozio anitzekin gogoratu nahi izan zuen Philippe Poulet axuanta, bezperan zendua, berak baitzituen hurbiletik segitzen urtegiko obrak eta aski errepikatua zuen zernahi gertaturik ere proiektua bururaino eraman behar zuela.

Emilio Tena ISF Ingènèrieko zuzendariak aurkeztu zituen lanak, baita gelditzen direnak. Beranta handia hartua dute lanek, bereziki abendu eta urtarrileko euriteengatik. Halere, ontsalaz, oraingo erritmoan iraganez, lanen bukaera maiatzaren 10erako iragarria dute. Ikusten diren obrek neurriz kanpo itxura dute, hain dira handiak, esplikatu digute beharrezkoak direla uholde erraldoiei erantzuteko. Azken lan zatia, urtegiaren iskineko gunean kokatua da, leku horretan eraikiko baitute zubi berri bat, baita turisten errezibitzeko etxola ere. Momentuan betoia eta burdineria dira nagusi, hauek ere, nahi edo ez, beharrezkoak ingurumenaren zaintzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun