Lapurdiko aldean bertze lau tokitan su eman ziotela mendiari salatu dute auzapezek

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 25a, 19:30

Azkaine, Biriatu, Sara, Urruña eta Ziburuko auzapezek asteburuan 2.000 hektarea inguru erre dituen suteaz argibideak eman dituzte Euskal Elkargoaren egoitzan. Haserre eta kezkaturik hitz egin dute, eta Lapurdiko aldean sua lau tokitan nahita piztua izan zela salatu dute. Aipatutako bortz herriek salaketa jarriko dute.

Larunbatean Beran abiatu zen suteak 2.000 hektarea inguru erre ditu Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdi artean. Lapurdiko aldeari dagokionez eta Hego Lapurdiko auzapezek eskaini duten prentsaurrekoan salatu dutenez, Larrun eta Xoldokogaina inguruetan bertze lau tokitan ere sua nahita piztua izan zen.

Euskal Elkargoaren Urruñako egoitzan elkartu dira Sarako Battitta Laborde, Urruñako Filipe Aramendi, Azkaineko Jean-Louis Fournier, Biriatuko Solange Demarcq-Eguiguren eta Ziburuko Eneko Aldana. Jakitera eman dutenez, auzapezek haien herriko etxeen izenean salaketa bana jarriko dutela baieztatu dute. Gogora ekartzekoa da Baionako prokuradoreak jada ikerketa abiatu duela.

Beratik joan zen suteaz gain, Urruñan Ziburumendin, Azkaineko Trabenian bi puntutan eta Saran Larrungo tren ttipiaren ondoan su-pizteak izan zirela baieztatu dute. Bereziki deigarria da azken hau, larunbatean 19.00etan piztua izan baitzen, bertze suetatik hainbat ordutara.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun