Baionako suprefetaren bisita izan dute Senperen

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 23a, 19:00
Baionako suprefeta berria, Philippe Le Moing-Suzur eta Senpereko auzapeza Dominique Idiart.

Baionako suprefeta berria, Philippe Le Moing-Suzur, Senpereko auzapeza den Dominique Idiart ezagutzera etorri da otsailaren 15ean.

Senpere ezagutzeaz gain, herriaren inguruko hainbat afera izan zituzten hizpide. Hasteko, lakuaren urtegiko obren aitzinamenduaz aritu ziren, izan ere, aitzineko suprefetak eragin handia izan zuen obren finantzamenduan. Bigarren, aldaketak eta gizarte bizitegien eraikuntza bezalako betebeharrak kontuan izanen dituen tokiko hirigintza planoaz aritu ziren. Azkenik, ekonomikoki arazo handiak dituzten herriko enpresen eta saltegien egoera latzaz jardun zuten.

Otsailaren 15eko bilkura «herriak bere proiektuak aitzinera eramateko lehen pausu bat baino ez» dela izan adierazi du Senpereko auzapezak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun