Euskal Elkargoak proposatutako Bizilekuen Programa herritarren beharrak baino «puskaz urrunago doala» dio Senpereko kontseiluak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 12a, 10:00

Bizitegi sozialen kopurua %60an finkatzea nahi luke Senpereko herriak, «eta ez %44an dokumentuan idatzia den bezala».

Bizitegien eraikitzearen aldetik «neurridunagoa» izatea galdegin du, «biztanleriaren emendatzea menperatzeko, natur- eta laborantza-eremu gutiago xahutzeko eta bigarren egoitzen fenomenoa menean atxikitzeko»

Euskal Hirigune Elkargoak eskaturik, Senpereko herriak bere iritzia eman du Bizilekuen Tokiko Programari buruz. Senpereko herri kontseiluaren ustez, Euskal hirigune elkargoak proposatzen duen Bizilekuen tokiko programaren egokitzea (2.650 bizitegi urtean) tokiko biztanleriak dituen beharrak baino puskaz urrunago doa.

«Nahi genuke egokitze hori neurridunago bizitegien eraikitzearen aldetik biztanleriaren emendatzea menperatzeko, natur- eta laborantza-eremu gutiago xahutzeko eta bigarren egoitzen fenomenoa menean atxikitzeko. Bizitegien ekoizpen horrek ez dezan bizitegi sozialen ekoizpenaren apaltzerik ekar, gure xedea litzateke bizitegi sozialen ekoizpena, ekoizpen orokorraren %55ekoa izan dadin», aipatu du Dominique Idiart auzapezak.

Senpereko herri kontseiluak nahi luke herrian egin beharrak diren bizitegi sozialen kopurua «%60era finkatua izan dadin eta ez %44era orain arte BTP dokumentuan idatzia den bezala eta bizitegi horiek honela banatuak izatea: %20 PLAI bizitegientzat, %25 PLUS bizitegientzat, %55 jabegora heltzeko eta PLS bizitegientzat».

«Urteko 75 bizitegiko ekoizpena ez da segurtatua izaten ahal»

BZP-ak pentsatua duen ekoizpena, erran nahi baita 75 bizitegi urteko, «ez da segurtatua izaten ahal. Bizitegi eremu eta lan eremuaren arteko garraio publiko eskasiak berotegi efektua azkartuko duen auto trafikoa emendaraziko du. BZP-arekin batera garraio publikoaren garapena lagunduko dituzten ekimenak pentsatu behar dira langileei egokituak diren tenore eta erritmoarekin eta nolaz ez alde hauetan enplegua sortuz».

Eskatzailearen galdeei erantzuteko eta honen argitzeko plantan ezarria den kudeaketa partaide programaren arabera, herriek osoki parte hartu behar dute bizitegi sozialen ematean beren lurraldean eta (BRS eta PLSA) sozial jabegora heltzeko emateak menperatu. Senpereko herriak nahi luke Euskal Hirigune Elkargoak lurraldeari begira gai hau bereziki azter dezan SRU legea gauzatzean ondoko eragozpen eta ondorioak konduan hartuz, adibidez: «Itsasbazterreko guneak jasaten duen presioa eta itsasbazterreko gunearen gibelaldera mugitzen ari dena ere (Senpere gune honetan izanki); lurra menderatzea eta jarduera ekonomikoa eremu horretan garatzea edo laborantza lurrak babestea eta aktibitate horren mantentzea».

Beste elementu asko atera daitezke dokumentu horretatik, orientabide asko baititu. «Hala ere, Ipar Euskal Herriko etxebizitza-politika berbideratzeko funtsezko ardatzetan jarri behar dugu arreta. Segurtatu behar dugu proposatutako Bizilekuen Tokiko ProgramakIpar Euskal Herriak dituen etxegintzari lotutako betiko arazoak lantzen dituela», dio Dominique Idiart Senpereko auzapezak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun