5G hedagailuak paratu dituzte Saran eta Senperen

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 9a, 16:30

Legez herriko kontseiluei jakinarazi gabe pausatzen ahal dituzte antenak eta halaxe egin dute bi herrietan. Battit Laborde eta Dominique Idiart Sara eta Senpereko auzapezek TTIPI-TTAPAri kontatu diotenez, mozioak onartu dituzte osasunean izan ditzakeen ondorioak jakin arte moratoria eskatuz.

Berria egunkariak gaur jakinarazi du Ipar Euskal Herrian 5G hedagailu andana paratu dituztela. Zehazki, «Frekuentzien agentziak zabaldu maparen arabera, laurogei 5G hedagailuz goiti baimendu» dituztela argitu du egunkariak. «Kasik denak Lapurdin dira, eta Free konpainiak du baimen gehien, oraingoz».

Horixe da Sara eta Senpereko kasua. Frekuentzien Frantziako Agentzia Nazionalaren webgunean ageri denez, Free konpainiak 5G antenak pausatu ditu Sarako Hariztegian eta Senpereko Mirandan. Lur eremu partikularretan dira antena horiek, eta Labordek eta Idiartek oroitarazi dutenez, «legez herriko kontseiluen baimenik gabe egin dezakete. Gure ahalmena mugatua da».

Hedagailua pausatzeko erabakia «kontra errezibitu» dutela dio Sarako auzapezak. «Fitsik galdetu gabe pausatu dute eta osasunean izan dezakeen kalteaz xehetasun gehiago jakin arte luzamena eskatuz mozioa onartu genuen urte hondarrean». Bere irudiko, «horren gibelean maleruski interesak daude».

Senpereko auzapezak ere «gure erabakia hedagailua ez pausatzea» dela adierazi dio TTIPI-TTAPAri: «Herriko kontseiluan mozioa onartu dugu alde ez garela adieraziz eta osasunean izan ditzakeen ondorioak jakin arte moratoria eskatuz». Idiartek gaineratu duenez, «herri elkargoari ere gauza bera eskatu diogu eta eztabaida ukan beharra dugu».

Telefonia konpainien hedagailuak Saran, Frekuentzien Frantziako Agentzia Nazionalaren arabera
Hariztegian kokatuak daude Sarako telefonia konpainien hedagailuak, Labordek nabarmendu duenez, «lur pribatuan».

  • Bouygues konpainia: 2G/3G eta 4G
  • Free konpainia: 3G/4G eta 5G
  • Orange konpainia: 2G/3G eta 4G
  • SFR konpainia: 2G/3G eta 4G

Telefonia konpainien hedagailuak Senperen, Frekuentzien Frantziako Agentzia Nazionalaren arabera

Senperen ere lur pribatuan daude hedagailuak.

  • Bouygues konpainia: 2G/3G eta 4G
  • Free konpainia: 3G/4G eta 5G
  • SFR konpainia: 2G/3G eta 4G

Hedagailu gehiago ere paratu dituzte inguruan. Berriaren arabera, Hendaian hiru, Urruñan sei, Biriatun bat, Azkainen bi, Ezpeletan bat, Ahetzen bat, Kanbon bat...

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun