Sarako Idazleen Biltzarraren 38. edizioa antolatzeko lanetan hasiak dira

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 3a, 19:00

Aurtengo Idazleen biltzarra ereiaroaren 11tik 14ra edo urriaren 8tik 11ra eginen dute. Egitarauari dagokionez ortziralea eta larunbata haurren egunak izanen dira; igandea egileena eta astelehena, berriz, profesionalena. 

Idazleen biltzarra elkartearen biltzar nagusia otsailaren 2an iragan da Sarako Herriko Etxean. Jean Michel Garat lehendakariak aitzineko urteko jardunaren berri eman zuen. Idazleen biltzarraren 37. edizioa buruilaren 6an iragan zen eta osasun egoera zela eta, egun bakarrera mugatu behar izan zuten. Usaian bezala, hainbat aurkezpenekin osatu zuten egitaraua. Euskaltzaindiak eta hainbat argitaletxek euren lanak aurkeztu zituzten eta Euskarazko Wikipediaren inguruan mintzaldia ere izan zuten. Bi urterik behin banatzen dituzten Biltzarreko sariak ere eman zituzten, idazle edo sortzaile bat sarituz eta 37. edizioan Marie-Jose Basurko eta Koldo Ameztoi ohoratu zituzten.

Horrez gain, gazte literatura saileko irakurketa musikatuak egin zituzten Kiribil konpainiarekin eta Arantxa Leizagoienen margolan eta marrazki erakusketa ere ikusgai izan zuten. Axuri'arte taldekoen eta bertze hainbat eskulangileren lanak plazan paratu zituzten ikusgai eta salgai. Usaian baino jende gutiago hurbildu bazen ere, guzira 500 bat lagun bertaratu ziren. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun