Herri Urrats maiatzaren 9an ospatuko dute Senperen «modu berri batean»

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 26a, 13:00
Aurtengo Herri Urrats Senpereko aintzira inguruan egin nahi luke Seaskak, beti ere pandemiaren ziurgabetasuna kontuan hartuz.

Boga leloa aukeratu dute aurtengo bestarako, eta pandemiak eragindako ziurgabetasunari aurre egiteko diru bilketa abiatu dute

Koronabirusaren eta itxialdiaren ondorioz, bertan behera gelditu zen 2020ko Herri Urrats. Aurten, baina, hitzorduari eutsi nahi izan diote antolatzaileek, eta Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak gaur jakinarazi dutenez, maiatzaren 9an eginen dute besta, Boga lelopean.

Seaskako arduradunek prentsaurrekoan azaldu dutenez, pandemiaren ziurgabetasuna dela eta «aurten nolako Herri Urrats aurreikusten ahal dugun, hori ez dakigu eta momentuko ezin jakin». Dena dela, Herri Urrats «data bat, toki bat, ohitura bat» dela sinistuta eta «gogoetatu eta aukera ezberdinak aztertu» ondotik, hitzordua mantentzea erabaki dute. Hala, maiatzaren 9an eginen dute festa «modu berri batean» bada ere.

Boga leloarekin, «arraun kirola eta Herri Urrats parekatu» nahi izan dituzte antolatzaileek. «Arraunean bezala, Herri Urrats elkartea, baina ere ikastolak eta Seaska, elkarlanari esker aitzina doaz... Itsasoan bezala, guk ere ekaitza izan dugu 2020 urtean», nabarmendu dute.

Bertzalde, onartu dute ezin dutela «usaiako Herri Urrats baten etekina espero izaten ahal» eta, hala, ohiko jantzi salmenta eta zozketaz gain, diru bilketa kanpaina abiatu dute gaurtik hasita, hau ere Boga lelopean. Ekarpenekin (https://boga.herriurrats.eus/ webgunean egin daitezke) kolegio berri bat, bosgarrena, eraikitzeko beharrezkoak diren atalak erosi nahi dituzte: hala nola, teilatua, ate eta leihoak, igogailua…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun