‘Kasu, kasu ostalariak kexu!’ kolektiboak bere aurkezpena egin eta aldarrikapenak jakinarazi ditu Saran

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 26a, 17:00
Abendu hastapenean kolektiboko ostatuetako ateak aldarrikapenez bete zituzten.

Zazpi hilabete hetsita daramatzaten ostalariak haserre azaldu dira astelehen honetan Sarako Pleka trinketean egin den elkarretaratzean.

‘Kasu, kasu ostalariak kexu!’ kolektiboak beraien egoeraren berri emateko elkarretaratzea egin zuten atzo. Pandemia hasi zenetik zazpi hilabete hetsita egon direla adierazi eta «egoera zail honetan hautetsien laguntza» behar dutela aldarrikatu zuten.

Kolektiboak gaineratu zuenez «pandemiaren hedakuntza saihesteko hartutako neurriek ostalaritza gogor zigortu dute». Etorkizunera begira «ateak berriz edekitzeko perspektibarik ez» dutela adierazi eta ostalarien arteko «elkartzea eta mugitzea baitezpadakoa» dela azpimarratu zuten. 

Azkenik, Saran elkartutako ostalariek «Ipar Euskal Herri mailan duten eragiteko ezintasuna eta informazio eza» salatu eta «laster ekintza gehiago» eginen dituztela iragarri zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun