Hatsaren Poesia liburuan olerkiak argitaratu ahal izateko hondarreko egunak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 25a, 10:00
2019ko Hatsaren Poesia Egunean hartutako irurdia.

Hatsaren Poesia olerki-bildumaren 23. edizioa prestatzeari ekin dio Hatsaren Elkarteak eta olerkiak bidaltzeko epea bihar, urtarrilaren 26an, bukatuko dela jakinarazi du. Interesatuek hatsarenpoesia@gmail.com helbidera bidal ditzakete euren poemak.

«Oraino betiko batzuek ez dutela deus ere bidali ikusirik» animatzeko deia egin nahi izan dute Senpereko Hatsa Elkartetik; lehen ere idatzi izan dutenei eta ez dutenei luzatu nahi izan diete mezua, «denontzat tokia izanen da liburuaren barnean». «Bederen olerki bat» eta «gehienez bizpahiru bidaltzeko» eskatu dute eta horrekin batera, lauzpabortz lerroko biografia labur bat ere galdegin dute. Olerkia bidaliko duen lehenbiziko aldia baldin bada, berriz, «idatzi labur-labur biografiaren azpian zer den zuretzat poesia».

Urtarrilaren 26ra arte hatsarenpoesia@gmail.com helbidera bidaltzen dituzten olerki guztiak sartuko dituzte liburuan, elkartetik adierazi dutenez, «baldintzarik eta zentsurarik gabe». Apirilaren 4an Hatsaren Poesia Egunean argitaratuko dituzte, bertze aldaketarik ez bada orduan aurkeztuko dute liburua.

Miquel Saumell olerkari eta musikaria gogoan

Joan den azaroan zendu zen Miquel Saumell olerkari eta musikari katalana ere gogoan izan dute Hatsa Elkartean eta «norbaitek bere omenez olerkiren bat egin nahi badu» atseginez hartuko dutela jakinarazi dute.

Bertzalde, oraino argitaratzekoa den liburuaren inguruko xehetasun batzuk ere aitzinatu dituzte. Liburuko sar-hitza, erraterako, Mabel Gartzia olerkariak eginen du, «Irunen bizi den Cochabambako euskaldun berriak». Liburuaren azalean, berriz, Iñaki Bastarrikaren irudia erabiliko dute. Heldu den urtean Xabier Soubeletena izanen da eta hurrengoan Elene Tamayorena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun