Ipuin eta kondairak bazterrean utzi eta egia ezagutzeko beharra sentituta, herriko historia aztertzen hasi zen Helena Xurio (Zugarramurdi, 1970). Asisko Urmeneta komikilariarekin batera, Euskal Herriaz haraindi, inkisizioaz idatzi dutena irakurri eta hariak lotu ondotik, emaitza komiki batean bildu du. Zugarramurdin eta Erronkaritik Aezkoaraino Sugarren mende bizitakoa ageriko egiteko, herriz herri lana aurkezten ari dira orain.
Noiz ikusi zenuen memoria historikoa egiteko beharra eta zer dela eta ekin zenioten lanari?
Haurrak ginela, beti aditu izan dugu herrian sorginak izanak zirela, Zugarramurdi sorginen herria zela… Ama, amatxi eta adinekoei galdetuta ere, inork ez zekien deus. Nire kusina, Koro Irazoki, hasi zen ikertzen. Berak Zugarramurdiko sorginak izeneko liburuxka bat atera zuen eta herrian zigortutakoak bildu zituen. Zerrenda hori eskuetan izan nuelarik hasi nintzen kontzientziatzen. Jende horien abizenak gaur egungo Zugarramurdiko etxeen izenak direla ikusi nuen eta orduan zigortutakoak gaur egungo jendearekin ordeztu nituen. Herriko 32 lagun ehizatu, herri arrotz batera eraman, ondasun guztiak bahitu, torturatu, birrindu, batzuk han berean hil eta hondarreko momenturaino akusazioak ukatu zituztenak erre zituztela jakinik, nola da posible horri buruzko tantarik ere ez ailegatzea? Galdera hori izan nuen abiapuntu.
Aunitz dira sorginei buruzko lanak. Sarritan, ordea, sorginak kondairen erdigune dira. Horren gibeletik bada zer kontatua…
Bai, azken urteetan historia honek ipuin edo mito itxura hartu du eta hori ikustea ere egia kontatzeko bulkada izan da. Arbasoek sufritutakoarekin ipuin bat sortzen ari gara Euskal Herrian, sorgin izatea ona dela erran eta erre zituzten sorginen seme-alabak garela aldarrikatzen ari gara. Egia horren gogorra izaki, asmatzen hasi gara... Horren aitzinean, begiak irekitzeko eta gure historia kontatzeko beharra sentitu dut.
Sugarren mende komikia izan da emaitza. Zer dela eta izenburu hori?
Batetik, Zugarramurdiri keinu bat egiten zaio, sugarra-Zugarra(murdi). Herrian gertatutakotik abiatu ginen baina ezin da hori bakarrik kontatu, testuinguru historikorik gabe. Mende osoa kontatu behar zela ohartu ginen, Nafarroako konkistaren ondotik hasita. Hor agertu zen lehenbiziko aldiz Euskal Herriko historian sekta satanikoa kontzeptua. Sekta sataniko horiek Katherina I.aren eta Johan III.a Albretekoaren aldekoak ziren lekuetan –Erronkarin, Zaraitzun, Aezkoan, Luzaiden…– zeuden. Hortik hasi eta mende batez (1513-1616) garbiketa izugarria egin zuten, sekulako sugarrak izan ziren Erronkaritik Amezkoaraino, Lapurdin barrena (hortik mende, menpe). Muga guztia garbitu nahi zuten, bi inperioek beraien mugak zehazteko.
Zugarramurdiko sorgin ehiza izan duzue abiapuntu, eta hortik abiatuz Euskal Herriko sarraskia aztertu duzue.
Bai. Hasiera Zugarramurdin kokatzen da, 1580. urtean. Herritarrek sagarrondo bat landatu zuten, Zugarramurdi Urdazubiko monasteriotik independizatuko zela eta herriko etxea sortuko zela deliberatu zuten. Batzar horretan zegoen jendea 30 urte berantago epaitua eta kondenatua izan zen. Hortik abiatuta, 1616ra arteko prozesua bildu dugu. Zugarramurdikoa kasu moderno eta ezagunena da baina ez bakarra eta hildako gehiago eragin zituzten prozesuak ere badira. Erronkari eta inguru horietan jende aunitz erre zuten. Lapurdikoaz ez dakigu deus, Pierre de Lancre inkisidoreak paper guziak erre zituelako. Ez dugu sumatzen ahal sarraski honen tamaina.
«Inkisizioak mugimendu independistak gelditu ditu»
Helena Xurio Arburua, Sugarren mende liburuko galeria atalaren egilea
Inkisizioaren izate politikoa eta poliziala guti ikertu dela diozue. Zer da ikertzeko dagoena?
Euskal Herritik kanpo ikertu da eta hori da guk egin nahi izan duguna. Espainiako koloniak izanak diren eta independentzia lortu zuten herrialdeetara jo dugu eta han inork ez duela sorginak izan zirenik aldarrikatu ikusi dugu. Han euren narratiba propioa dute eta gu oraindik herrialde okupatu batean gaudenez, ikuspegi hori ez dugu landu. Niretzat aurkikuntza handia izan da eta lan honek egiten duen ekarpen nagusia hori dela erranen nuke.
Herritarrak gerraren biktima izan ziren...
Ehizakiak izan zirela erraten dugu. ‘Sorgin’ hitza uztea zail egiten zaio jendeari... baina ez ziren sorginak, gure arbasoak ‘ez gara sorginak’ erranez hil ziren eta guk ez genuke hori aldarrikatu behar.
Zer-nolako jendea izan zen epaitua, zigortua eta torturatua?
Denetarikoa. Ehizaki horiek orduko lider sozialak, klase guztietakoak, ziren. Armadoreak, nobleak, apezak, abokatuak, ikazkinak, errotariak, eskaleak…, bai gizon, bai emakume, baita haur pila bat ere. Salazar Bidasoa eskualderat –Baztan, Malerreka, Bortziriak eta Xaretara–etorri zenean ia 1.400 haurren salaketak jaso zituen. Herri oso bat izan zen zigortua.
Lapurdi eta Nafarroako jazarpena, momentu batetik aitzinera, koordinatua izan zela diozue.
Momentu batean, etsai historikoak ziren Espainiak eta Frantziak elkartzen jakin zuten gure herria garbitzeko. 1609ko dokumentu batean Leon Aranibarrek, Urdazubiko monasterioko buruak, eta Espainiako erregearen ordezkariaren espioi nagusiak deitutako bilera bat egin zuten Ainhoan. Bertan elkartu ziren De Lancreren burua, Urtubiko jauna, Senpereko jauna [historikoki etsai handiak izanak] eta Logroñotik etorritako Juan Valle Alvarado inkisidorea gure herria harrapatzeko. Behin baino gehiagotan elkartu ziren, konkistatutako Nafarroako eremu hori hartu eta euren muga definitzeko.
«Denetariko jendea zigortu zuten sorginak zirela erranez»
Helena Xurio Arburua, Sugarren mende liburuko galeria atalaren egilea
Nola gelditu zen herria inkisizioaren ondotik?
Ba pentsa! Gehien sufritu duten lekuetan ikusten da horren aldarri handiena. Zugarramurdin sartu eta sorgina ikusten da, Sorginen Lezea, Sorginen Museoa, panpinak, pegatinak, herriko etxeko taldea Akelarre da, elkartea ere bai… Akelarre hitza inkisizioak asmatu zuen Logroñon, eta gu hori aldarrikatzen ari gara. Zaila izanen da Zugarramurdi-sorgin lotura hori haustea, baina hasi beharko dugu kontzientzia hartzen. Badakigu ez zirela sorginak eta ez genituzke hala izendatu behar… Ezin dugu atzendu inkisizioak herrian zatiketa eta mesfidantza eragin zituela. 1610ean sorginak zirela onartu zutenek torturapean egin zuten, gainera, bertze herritar batzuk salatu zituzten... Horrek herrian mesfidantza eta beldurra eragin zituen eta herriko baloreak suntsitu egin ziren.
Isiltasunak ezkutatu du egia osoa...
Bai, inkisizioak isiltasunaren ediktua eman zuen, zigorraren mehatxupean eta, ondorioz, inkisizioaren jazarpenaz mintzatzea debekatua gelditu zen. 1616an Zugarramurdiko talde bat –aunitz Logroñoko presondegitik pasatu zirenak– Urdazubiko monasteriorat joan zen justizia eta erreparazio eske, baina Aranibarrek ediktu hori oroitarazi zien. Horrela konprenitu behar dugu 400 urteko isiltasun hori, nire ustez sarraskiaren neurriaren adierazle dena. Isiltasun horrek menderakuntza eta kolonialismoaren izugarrikeria estali du. Maiz pentsatu izan dut: ‘noiz ezabatuko zen hau guztia gure arbasoen memoriatik?’. Pentsa, Pedro Agerre Axularrek garai horretan atera zuen liburua, 1643an. Berak hori guztia bizi izan zuen, hemengoa zen. Nola ez du deus aipatu? Zigorraren mehatxua hor zen eta…
Isiltasun hori hautsiz, azaroan herriko 32 biktimak omendu eta liburua aurkezteko hitzordua antolatu zenuten.
Etxeberriko plazan bildu, arbasoei omenaldia egin eta herrian liburua aurkeztu nahi izan genuen. Alkateak, koronabirusaren aitzakiapean, azken momentuan, eta udal taldekideei botoa emateko aukerarik eman gabe, liburu aurkezpena debekatu zigun. Debeku guztien gainetik gure herritarrak omentzea erabaki genuen. Etxeberriko plazan elkartu eta sagarrondoa landatu genuen, 1580ko batzarrean egin zuten bezala. Monasterioko buruak, Leon Aranibarrek, debekatua zuen herritarrek arbola landatzea eta kontra egiteko keinua izan zen, herri independentea zirela adierazteko, alegia. Orduko batzar horretan aukeratu zuten lehenbiziko alkatearen –Mikael Goibururen– ondorengoek, Goiburuko Maitanek eta Mattinek, landatu zuten. Prozesuan zigortutako herritarren omenaldi gisa banaka izenak erran eta herritar bakoitzaren historia irakurri genuen arbasoen memoria garbituz.
Orain herriz herri lana aurkezten ari zarete. Eskualdean non dituzue hurrengo aurkezpenak?
Otsailaren 5ean Elizondon, 6an Arantzan, apirilaren 16an Lesakan eta 30ean Ezkurran izanen gara. Lana aurkeztearekin batera, herrietan laguntza eskatu nahi dugu, ahalik eta datu gehien bilduz memoria- txosten bat osatzeko.
Komikia eta galeria
Elurre Iriarte arizkundarrarekin batera, Sugarren mende liburuan murgilduta ibili da Helena Xurio zugarramurdiarra azken bi urteetan. Informazioa bilketa eta komikia Asisko Urmenetak egin du eta Iriartek eta Xuriok komikiaren bukaeran erantsi duten 'Galeria' atala landu dute. Bertan, komikian agertzen diren pertsonaiak banan-banan aurkeztu dituzte, «zigortuak ez ezik, zigortzaileak ere bilduz». Orain arte Euskal Herrian eta inguruan idatziak diren «sorginen aferetan argia herritarrengan emana» izan da, «zer egiten zuten eta zer ez bildu izan dute». Hauek, ordea, «argia inkisiziora eman» dute: «inkisidoreak nor diren eta zergatik agertzen diren aztertu dugu, inkisizioak eragindako sarraskiaren ikuspegi historikoa bilduz». Liburua www.gureberriak.com atarian edo Erratzuko Zubi-puntan eskura daiteke.