Jean Marc Dupont senpertarraren itsas-abentura Atlantikoan barrena

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 22a, 10:00
Jean Marc Dupont babes-kabinaren barrenean.

Abenduaren 13an abiatu zen Senpereko arraunlaria eta bidearen laurdena, 4.000 kilometro eskas egina behar luke.

Badira jadanik bortz aste pasa (joan den urteko abenduaren 13tik), Jean Marc Dupont senpertar arraunlariak bere abentura abiatu zuenetik, eta orainokoan bidearen laurdena egina luke Martinika uhartera ailegatu aitzin (4000 kilometro eskas). Lehen asteak biziki zailak ukan ditu, bereziki haize eta itsas korrontea kontra izanik arraunekin egin lan guzia deuseztatua delakoan. Adibidez, bizpahirutan egin ditu itzuli handi batzuk berriz hastapeneko puntura heltzeko. Egun anitz galdu ditu eta pixka bat nahigabetua egon bada ere, berriz gaindia hartua luke eta, iduriz, haizeak ere zentzu onera pusatzen du orain.

Ikusten duzuen bezala denetarik jasaten ari da herriko itsas-gizona, ekaitzak azkar jotzen duelarik sartzen da babes-kabinaren barnera eta itxoiten du itsasoa jabal dadin. Gauza bat argiarazten du bere ontzi liburuan, kuraiez beterik dagoela eta ez duela etsiko bururaino ailegatu aitzin.

Aupa Jean Marc!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun