Maialen Jaurena Etxart

«Musikaz gozatu nahi dugu, ematen dizkiguten aukerak aprobetxatuz»

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 17a, 11:00

Maialen JAURENA ETXART, Urdazubiko musikaria

Kirola eta musika zaletasun dituen Urdazubiko gaztea da Maialen Jaurena Etxart (2001).

Kirola eta musika zaletasun dituen Urdazubiko gaztea da Maialen Jaurena Etxart (2001). Ikasketek uzten dioten denbora bi arlo horietan ematen du: «klasetik atera, telesail bat ikusi eta musikari tartetxo bat eskaini eta bizikletan buelta bat ematen dut normalean». Azkenaldian, ordea, «belauneko lesio batengatik» egunerokoa aldatu behar izan du eta «kirolari ematen nion tartea txakurrarekin egoteko eta gitarra jotzeko» baliatzen du.

Etxean ikasia

Jo eta konposatu, konposatu eta jo ibiltzen da urdazubiarra. Eskolan, musika irakasgaian egin beharreko lan batek piztu zion sorkuntzarako txirrinta eta orduan hasi zen «konposizioan interesatzen, gitarra ikasten eta musika bertze modu batean ulertzen».

Etxea izan da bere musika eskola; belarriak, begiak, eskuak eta zintzurra lanabesak. Izan ere, «belarriz ikasi dut dakidana, kontzertuetan jendeak nola jotzen duen ikusiz, bideoetatik... Partiturarik gabe, sormena landu dudan arren, solfeorik ez ikasi izanaren pena dut, musika bertze modu batean ulertzea ez legoke gaizki». Ordutik, ikasten eta lantzen, dabil eta ahizparen trikitixa notekin batera, bere gitarra doinuek girotzen dute etxea.

Laguntasunak eta musikak elkartuak

Etxean hasitakoari etxetik kanpo eman dio segida Jaurenak. Izan ere, Joanes Altxu, Kattalin Arizmendi eta Irati Elizalde baztandarrekin batera, taldetxo bat sortu du. Egungo taldekideak lehendik lagunak  zituen: «Kattalin eta Irati Baztan Futbol Taldetik eta Joanes institututik» eta laguntasunaz harago, musikazaletasunak elkartzen zituen: «elkartzen ginen ia guztietan gitarra batekin egiten genuen. Kattalinek biolina jotzen zuela jakin nuen eta elkarrekin jo behar genuela aipatu nion. Gelditzen hasi ginen, Irati kaxarekin animatu zen eta Joanes entsegu batera baxuarekin etorri zen». Bakoitzak berea emanez eta elkarrena adituz sortu zuten taldea.   

«Euskal pop eta folk taldeen bertsioak egiten ditugu»

Maialen Jaurena, Urdazubiko gaztea

Sormenari ateak irekiz

Kulturzale eta musikariendako, Covid-19a tarteko, garai zailean eman dituzte lehenbiziko pausoak eta, urdazubiarrak kontatu digunez, «kontzerturen bat egiteko aukera galdu dugu, harremanean ere aunitz eragin du eta hasieran entseguak egiteko ez da erraza izan». Orain, berriz, «astean behin» elkartzen saiatzen dira: «ikasketak direla eta, ez da erraza izaten, asteburuetan saiatzen gara, baina beti ez da posible izaten». 

Trabak gaindituz, aitzinera egiteko modua bilatu dute. «Euskal pop eta folk taldeen bertsioak» egiten eman zituzten lehenbiziko pausoak. Horrez gain, «orain arte bakoitza bere kabuz aritu da kantak sortzen eta orain elkarrekin forma ematen ari gara». Momentuz, bi kanta sortu dituzte baina «denborarekin gehiago izanen dira». Helburu argirik gabe eta aitzinera gehiegi begiratu gabe, «musikaz gozatzen» segitu nahi dute: «elkartzen garenean gustatzen zaizkigun kantak jo, proposamenak egin eta nonbait jotzeko aukera aprobetxatuko dugu».

Jendaurrera salto

Badute egindakoa erakusteko gogoa eta, dagoeneko, jendaurreko kontzertu batzuetan izan dute aukerarik: «abuztuan eta urrian Elizondoko Arizkunenean izan ziren lehenbiziko emanaldiak». Abenduan herrian bertan erakutsi zuen bere trebezia musikari gazteak: «herritarren aitzinean jotzea berezia izan zen». Orain arteko esperientziak «arras onak» izan dira, «gustuko duzun zerbait landu eta sentitzen duzuna partekatzea beti polita delako». Euren burua plazaratu dute eta plazaz plazaz segitzeko gogotsu daude: «eskaintzen diguten edozein tokitara joateko prest gaude».

«Musika aditu baino nahiago dut jo eta kantatu»

Maialen Jaurena, Urdazubiko gaztea

Aditu eta jo

Telefonoak jo artean, dauden kontzertu aukera txikiez gozatu nahi du: «denok gaude musika jotzeko eta aditzeko gogoz». Gauez ezin bada egunez, eta taldean ez bada txakurrarekin, urdazubiarrak badu proposamenik: «aurikularrak jantzita Urdazubiko Azkar mendira joan daiteke». Eta aditu ondotik, jotzeko momentua ailegatzen da: «musika joz eta kantatuz gehiago sentitzen dut. Aditu ez dudan kantaren bat aditzean, nola joko eta kantatuko dudan pentsatzen dut eta gitarra hartu eta halaxe egiten dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun