Patxi Goienetxe

«Nire ametsa munduari itzulia ematea da. Baina berriz Sarara itzuliz!»

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 17a, 10:00

Patxi GOIENETXE, Sara buruan eta ibili munduan.

Sei urte daramatza Larrungo trenean lanean. Trena itxita dagoen hilabeteetan munduan zehar bidaiatzeko aprobetxatzen du, baina, beti Sarara itzultzen dela onartu du gazte euskaldunak.

Nola aurkeztuko zenuke zure burua?

Saratar euskaldun gaztea, 28 urte bete berriak eta, jada, Larrungo trenean 6 urte daramatzana.

Zein dira zure zaletasunak?

Zaletasun anitz. Kirolean, bereiziki, pilota, bidaiak, mendian ibiltzea eta, noizean behin, lagunekin besta egitea!

Zein herrialde bisitatu dituzu?

Munduan barna: Kolonbia, Brasil, Argentina, Thailandia, Laos, Camboia eta Vietnam. Europan, berriz, Irlanda, Eskozia eta Katalunia.

Zein herrialdetan egon zara?

Hego Ameriketan biziki ongi sentitu naiz, jendea irekia da eta haiekin harremana egitea erraza izan da. Gero, Asiako kultura gurearekin alderatuta hagitz ezberdina da eta hori zinez maite dut.

Hizkuntzekin moldatu zara?

Bai, frantsesa nahiz gaztelaniarekin erraz moldatu izan naiz munduan zehar.

Baina beti Sarara itzultzen zara...

Hori segur! Sarako xokoak, lagunak, familia eta mendiak maite ditut. Hemengo bizitza maite dut, lasai bizi gara hemen. Parisen bizi banintz, ez nintzen itzuliko!

Lasterketetan parte hartzen duzu?

Egia errateko, baten batean bai. Baina ez anitzetan.

Aurtengo kontrabandisten lasterketan parte hartu zenuen

Bai, abuztuan kontrabandisten lasterketan parte hartu nuen. Ttikitatik nuen ametsa zen eta aurten bete dut. Aurtengo testuingurua berezia izan da, jende gutiago zegoen eta denak maskarekin. Baina, hala ere, biziki giro polita izan da.

Bestazalea, nola ikusten duzu sarako gazteria?

Gazteri ederra dugu Saran. Batzuk euskal mundua eta gaztetxea gehiago babestu eta sustatzen dute eta bertze batzuek kirolaren aldeko apustua egiten dute: errugbia, pilota eta lasterketak, bereziki. Hori bai, denak bestazale ederrak!

Euskaraldia eta euskara Saran?

Nik ahobizi rolean izen-eman dut. Saran nahiko zabaldua atzematen dut euskara, nahiz eta frantsesa ausarki erabiltzen dugun. Hala ere, ahaleginak egiten direla ikusten dut, adinekoekin edo umeekin mintzatzean adibidez.

Amets bat?

Munduari itzulia ematea. Baina berriz Sarara itzuliz!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun