Zugarramurdiko Harremanak elkartea ideia eta proiektu berriekin dator

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 27a, 09:00

Adinduekin lan egiten duen Harremanak elkartea zazpi hilabetez itxita egon da, bana orain ideia eta proiektu berriak martxan jartzeko ilusioarekin dabil. Zehazki, bi ekimen abiatu nahi dituzte.

Alde batetik teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa eman nahi dute (Whatsapp; Internet bidez informazioa lortzea, adibidez egunkaria irakurtzea; memoria lantzeko jokoak...). bertze aldetik, gorputza eta osasuna zaintzea hain beharrezkoa denez, fisioterapia saioak ere eskaini nahi dituzte. Horretaz gain, orain arteko arrakasta ikusita, bistan da jubilotekarekin ere segituko dutela.

Bazkide berriak

Bertzalde, bazkide berriak egiteko kanpaina ere hasi dute Harremanak elkartean. Eta interesatuta daudenek mediku kontsultan aipatzea nahiko dute, edo telefono honetara deitzea: 659 84 95 70. Urteko kuota hamar eurokoa da, eta jubilotekan ere parte hartu nahi izanez gero, hilabetero 30 euro ordaindu beharko litzateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun