Senpereko aintziran uholdeei aitzin egiteko 3,2 milioi euroko lanak abiatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 19a, 18:00
Obrak jada hasiak dituzte Senpereko Aintziran. Argazkia: Berria egunkaria.

Senpereko aintziran uholdeei aitzin egiteko 3,2 milioi euroko lanak abiatu dituzte. Aurrekontuaren %23a, 625.000 euro Senpereko herriaren gain izanen da; %35 frantziar estatuak; %18-19 Euskal Hirigune Elkargoak, eta gainerako %10a, erdi bana, departamentuak eta eskualdeak ordainduko dute.

Dominika Idiart auzapezak argitu du zertarako eginen dituzten obrak: «Mila urtetik behin agitzen ahal diren uholdeendako: murrua zapartatzeko arriskua bailitzateke. Dena den, uholdeak gero eta gehiago ikusten dira aldaketa klimatikoaren eraginez. Nehork ezin du erran gertatuko ez denik».

Izan ere, 2007ko eurite mardulek aintzirak jadanik zituenak baino 230.000 metro kubo gehiago ur metatu zizkioten, bikoitza. Eta 2005-2006an burutu zituzten dikearen indartze lanak ez ziren aski izan: 80 cm-ko nazaren gainetik pasa baitzen ura.

Hartara, frantziar estatua gomendioak ematen hasi zen Senpereri, 2008an Christine Bessonart auzapeza zelarik; ondotik, 2011n, abisua helarazi zion. 2016an, Pierre-Marie Nousbaum auzapeza zela, Prefekturatik erabakia heldu zitzaion obrak egin zitzan. Eskaintza deialdia zabaldu zitzaien enpresei, baina eten egin zen prozedura.

Hondarrean, Prefeturak obrak 2020ko urria eta 2021eko apirila bitartean eginak izan behar dutela adierazi du, eta horrela egin ezean, «aintzira urez hustuko» duela gaineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun