Zuzendaritza berria hautatu dute SPUC eskubaloi taldeko kideek

Pierre Bastres 2020ko aza. 15a, 10:00

Helduen taldea berreskuratu nahi luke SPUC eskubaloiko zuzendaritza berriak.

Mathieu LARRAMENDY eta Julien GARCIArekin izanen dira lehendakari-kideak.

SPUCeko eskubaloi sailak lehendakaria behar zuen hautatu aurten. Mathieu Larramendy eta Julien Garciarekin izanen dira lehendakari-kideak. Bulegoko bertze kideak, berriz, Guillaume Etchelecou, Katia Harocarene, Caroline Lassaga eta Mathilde Beau.


Mathieu Larramendy, Senperen ezkondua izanik ere, irisartarra da jitez, eta hango eskubaloi talde ezagunean aritu izan da 27 urtez: «Horrenbertze urte etxeko klubean egin nituen, Senperekoan bortz urtez ere aritu izan naiz jokalari gisan, eta laketu naiz izigarri. Ondotik trebatzailea izan naiz, hamaika urtez azpiko nesken taldearekin. Elkarteko antolakuntzan sartuz, ohartu naiz zaletasun handia bazela hemen ere, eta gauzak hobetzen ahal zirela. Egia erran, Irisarrin ikusi eta ikasitako kirol kultura eta erakargarritasuna miresten ditut beti, badakit ezinezkoa dela hemen errepikatzea han egiten dena, baina gisa batez eredutzat har dezakegu, hemengo kulturari egokituz bistan dena».

Honenbertzez, hauteskundeak zirelako, zerrenda baten sortzea erabaki du Mathieuk, bere ikusmoldea indarrean ezarri ahal izateko «Elgarlana izanen da klubeko bizkarrezurra –dio–. Hasteko, erdietsi nahi ditugun helburuak, eta antolakuntza zerrendako kideekin finkatu ditugu, osoki. Egiteko lanak komisioetan zatitu ditugu; eta komisioetako buruak askatasun osoz arituko dira».

«Etxean bezala sentitzeko gunea izan behar du klubak»

Bertzalde, Larramendyren ustez, kluba ez da izan behar bakarrik kirolean aritzeko gunea, baizik eta goxo-goxoan, etxean balitz bezala sentitzen den gunea: «jokolari, trebeak zein hain trebeak, guraso, epaile, etab… bakoitzak adierazi ahal izan behar du, eta denetaz artatu behar dugu. Klub batek iraun nahi badu, hau da gakoa ene ustez: adiskidantza, elkartasuna, oroitzapen onak, irriak, partiduen ondoko bestak..…». Azkenik, gazte eta helduen artean loturak azkartuko dituzte: «helduak gazteen taldeen aitabitxiak bilakatuko dira adibidez. Ona da gazteen konfiantza garatzeko».

«Klub batek iraun nahi badu adiskidantza, elkartasuna… dira gakoak»

Mathieu Larramendy, SPUC eskubaloia

Irisartarrak ez du ahanzten kirola eta lehia: «Kirolari dagokionez, ez dugu talderik helduetan eta 18 urtez azpikoetan: sinesten dut laster sor ditzakegula. Eta sei urteren buruan, departamentu mailatik eskualde mailarat nahi genuke upatu. Hori erdiesteko, adin guzietako jokolarien maila eta beren joko jakintza beharko ditugu hobetu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun