Logroñon epaitutako herritarren oroimenean ekitaldia azaroaren 7an Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 4a, 09:00
Sorginen antzezlana Zugarramurdiko lezean.

Azaroaren 7an 410 urte beteko dira Xaretako herritarren arbasoak  Inkisizioak Logroñon epaitu zituztela.

Herritarrek ez dute atzendu Zugarramurdi, Urdazubi eta bertze herri batzuetako hainbat biztanlek «sekulako bidegabekeria» sufritu zutela eta urte anitzez «fama txarra izan zutela gure artean (hala sinetsarazi digutelako)». Dena den, «zorionez, gaur egun badakigu herritar haiek jende zintzo eta ausartak izan zirela». hortaz, ez dute haiei keinurik egin gabe gelditu nahi.

Omenaldia azaroaren 7an

Azaroaren 7an, hilabeteko lehenbiziko larunbatean, eguerdian, omenaldi ekitaldi bat eginen dute.

Bertzeren artean, sagarrondo bat landatuko dute beraien oroimenez, hala egin baitzuten orduko zugarramurdiarrek, Urdazubiko monasteriotik bereizteko hasi ziren lehenbiziko pausoak eman zituztenean.

Tokia ez da oraindik guztiz finkatua, eguraldiaren arabera, lezean edo Etxeberriko atean eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun