Joxet LAHETJUZAN

«Urdazuri ibaiaren berezko izena Sarrakari(a) da»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 1a, 12:00
Joxet Lahetjuzan egilea eta liburuaren azala.

Joxet LAHETJUZAN, liburuaren idazlea.

Ur Hertsi  edo Urdazubi, bertze herrien artean Senpere trabeskatzen duen ibaiaren berezko izena atzeman du Joxet Lahetjuzanek.

Joxet Lahetjuzan, nor zaitugu?

Laurogei urte ditut, azkaindarra sortzez, ama Oyhanto-Andiazabal Azkainen bizi izana, Aduna eta Irun aldeetatik familia etorri zen aitzina, senpertarra bizitzez, aita Lahetjuzan-Sudre laborariaren lurretan Ibarrun auzoan eraiki dudan Arkazketa etxean, saratarra bihotzez, Lahet eta Lahetjuzan deiturak, Saran sortu eta Urdazubin ere zortzi mendeetan egonak dira. Nihaur ofizioz elektronikan ari izana naiz, laborantzan zenbait urte lan egin ondotik. Eta, haur denboratik jakin-nahi min batez betitik eta osoki hartua.

Zergatik ata noiztik piztu zaizu liburu hauen sortzeko nahikeria?

25 urterekin konturatu nintzen Nivelle, Iparralde eta Hegoaldeko ibai bakarra zela, bertze guztiek euskaraz zuten izen bat ez ukaiteko, izen berezi bakar bat beren ibilbide guztirako. Bakarra! Laster pentsatu nuen kasu bakar hori ezinezkoa zela eta bilatuz hasi nintzen. Saiatu nintzen baina debalde eta 30 urte behar izan ziren eraman ordenagailuaren eta Interneten agerpenerako, eta gero bertze 20 urte ikerketari berriz lotu eta «Sarrakaria» hitza berreskuratzeko.

Nola da egituratua edo antolatua liburu hau?

Liburua ipar-erdaraz idatzia da ezinbertzean, jendeketa zabala hunki eta beraz eragin ahal bezain zabalena ukan dezan. Egia da, haatik, gaia ikusi eta, euskaraz idatzi beharko nuela. Gauzak gutxienean eginik ere, lehen aitzinsolas eta xehetasunak euskaraz emanak dira. Gero, gaztelerazko hego-erdara baizik mintzo ez duten urdazubiar eta zugarramurdiar biztanleen errespetuz, bigarren aitzin- solas bat, lehenaren kasik itzulpena. Eta segidan, liburuaren gorputz gehiena, Sarrakaria xeheki aipatuz, frantses ipar-erdaraz. Azken parte bat bilaketak egin artean atzeman Sarrakariaren ibai-arroko leku edo gertakari batzuen argitasunekin: Oholdizun Dantxarineko auzoa, …, Sara / Senpere arteko Herbururen 'Cherchebruit' izendapen bitxia, Ibaiaren Ola-Orabidea, Ugarana, Urhandi, Urhertsi, Urdazuri, bertze bertakoetako izenak, Akotz hitzaren erranahia,…

«Harridura batzuk ere, ikusiz demagun Ibai hori urdazuri deitzea nola eta zoin den ezegokia ikusi»

Aztergaiak eta frogak non aurkitu dituzu? Eta zer da aurkitu duzun gehien harritu zaituena?

Xehetasun horietarik gehiengehienak Internetez bilduak, liburutegietan frogatuak dira edo armiarma.eus euskal literaturaren sareko gune baliosean, edo gallica.bnf.fr, Munduko eta gehien bat Frantziako artxiboen Pariseko Liburutegi Nazional ezin agortuan. Lekukotasun mintzaturik ez, aro zaharregietako aipamenak izaki eta lekukotasun idatziak, 1700 urteetako bi liburu eta Frantziako kalastra zaharra, duela bi mendetako lekuez irudikapen xehe eta zehatzak erakusten dituenak dira, leku eta izen, Erdi Arotik 1800 urteak arte guti aldatuak.

Eta burutzeko, segidarik eman nahi zenioke lan honi?

Segida bat emateko balitake oraino gai edo materia, gero eta dokumentu gehiago agertzen baita numerizaturik, bai Baionako artxiboetan, baita orokorki Interneten sarean ere, etxetik beretik aritzeko ahala ematen dutenak. Bilatzeko lana, baina, gero, ezin da jakin zer osotasunez betetzen den bilatzaile atzemailea. Harridura batzuk ere, ikusiz demagun Urdazuri deitzea ibai hori nola eta zoin den ezegokia. Banuke asmo segida bati buruz, ahala den artean, ikusiko! Zerbait kontakturi dagokionez, joxet@lahetjuzan.eus zuzenbidera bidali.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun