Legeak hala behartuta, martxoaren 14an hetsi zuten negozioa eta halaxe mantendu zuten ekainaren 21ean zabaldu zuten arte. Kontatu digunez, «berriz dena martxan paratzea zaila izan zen, batez ere, osasun departamentutik eskatutako baldintzak eta araudiak bete behar zirelako. Azken orduko legeei aitzin egin behar izan diegu. Garbiketa eta desinfektatze lanetan ahalegin handia egin behar izan dugu geletan, sukaldean, komunetan…». Hasmenta «zalantzaz betetakoa» izan omen zen, «ez genekielako jendeak nola erantzunen zuen, baina hainbertze denbora etxean preso egon eta gero, jendeak ateratzeko gogoa izan du, baita guk lanerako gogoa ere».
«Zentzugabekeria aunitz»
Momentuko egoera «ezjakintasun handiarekin» ikusten du Garmendiak, «batez ere taldeekin lan egiten dugunondako. Ikusi bertzerik ez dago ikasturtea nola hasi den…». Ezeztatze aunitz izan dituztela onartu digu: «irailean eta urrian genituen taldeak eta ikastetxeetako taldeak bertan behera gelditu dira. Ikusi beharko da martxora bitartean ea nolako bilakaera duen pandemia honek eta zer gertatzen den».
«Neurriak gehiegizkoak iruditzen zaizkit. Iduri du ostalaritzak duela erru guztia»
Ostalaritzaren neurriak, bertzalde, «gehiegizkoak» iruditzen zaizkio, «iduri du ostalaritzak duela erru guztia» eta horrekin batera, «neurri batzuk zentzugabeak» direlakoan dago: «erretzaileen distantziari dagokionez, 1,95 metrotara kutsakorra zara eta 2,01 metrotara ez. Birus jakintsua dugu gure artean, gaueko hamabietatik aitzinera kutsakorragoa da. Gisa berean, jatetxean jaten ari zaren bitartean ez da kutsakorra baina mahaitik altxatuta bai, baita komunera joaterakoan ere, baina gero berriz mahaian jarrita ez… Zentzugabekeria aunitz ikusten ditut presaka hartutako erabaki hauen artean».
«Momentuan dugun PCR sistema honek tiro pitxoneko eskopeta batek baino gehiago huts egiten du»
Ez direla seinalatuak sentitu ere kontatu digu Graxianakoak, batetik, «Zugarramurdin ez delako kasurik izan» eta bertzetik, «momentuan dugun PCR sistema honek tiro pitxoneko eskopeta batek baino gehiago huts egiten duelako».
Sektorera beharko lituzkeen laguntzez ere mintzatu da Garmendia: «gure jarduna ongi joan den garaietan, zergak eta gainerako kontuak behar bezala ordaindu ditugu. Bertze sektore batzuek porrot egin dutenean, bankuek, adibidez, denon diruarekin salbatu diegu ipurdia. Gu zer gara beraiek baino gutiago?». Horren harira, «lanpostu eta diru aunitz mugitzen duen sektorea» dela nabarmendu du. «Bertze edozein sektore baino gehiago ez garela» argi utzi nahi izan du, «baina ezta guttiago ere».
«Komunikabideen laguntzarekin, jendea beldurrez beteta dago»
Egoera ikusita, etorkizun hurbila «nahiko ezegonkorra» ikusten du, «komunikabideen laguntzarekin, jendea beldurrez beteta dagoelako, ez baita bertze konturik». Epe luzera, ordea, «beldur hori gaindituko dugula uste dut, eta gauzak hobetuko direla espero dut».
«Mediatikoena bai, baina hilkorrena?»
Bertzelako hausnarketa bat ere mahaigaineratu du Garmendiak. Bere irudiko, «manipulazio handi baten atzarrapetan gaude, baina ekonomikoki izan ditzakeen ondorioek edozein kezkatzeko modukoak dira». Koronabirusa tarteko «jende aunitzek sentiartekoak galdu» dituela eta, haiekiko «errespetu osoa» adierazi nahi izan du, baina aldi berean, «munduan, egunean bortz urtez azpiko 4.500 ume hiltzen dira goseak, eta urtean zazpi milioi lagun hiltzen dira tabakoaren eraginez. Nire azken berrien arabera, mundo osoan koronabirusa dela medio, 650 mila lagun hil dira eta ez da guti». Hortik abiatuta, hauxe bere galdera: «hau pandemia bada, momentu honetan pandemia aunitz ditugu munduan eta hau mediatikoena da, baina benetan hilkorrena da?».