Bi herrien artean duten ihizi-hitzarmena berretsiko dute igandean Etxalarko eta Sarako alkateek

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 25a, 19:00

Sara-Etxalar ihizi-hitzarmenaren sinadura ekitaldia 2019an. Ezkerretik eskuinera Miguel Mari Irigoien Etxalarko alkatea, Itziar Muñoz Nafarroako Gobernuko kontseilaria eta Battit Laborde Sarako auzapeza.

Covid-19ren osasun-krisia dela eta, aurten ez da Usategietako tradizioaren besta ospatuko baina bai ihizi-sasoia, eta, horregatik, 2011z geroztik egiten den modu berean, bi herrietako alkateak Lizarietako lepoan elkartuko dira hitzarmena sinatu eta bertze urte batez luzatzeko. Ekitaldia publikorik gabe eginen dute.

Ihizi-hitzarmenaren historia

Iruñeko Artzapezpikutzan altxatuta duten agiri baten arabera, Etxalarko usategietan sare bidezko ihizia aspaldikoa da, gutienez 1378. urtekoa. Zernahi gisa, ihizi-jarduera gauzatzeko bi herrietako herri-lurrak erabiltzen dira. Trepak eta dorreak Sarako eremuetan daude eta sareak, aldiz, Etxalarko lurretan.

Geroztik, gutienez XIX. mendetik, bi herrien arteko muga gaur egun dagoen tokian ezarri zenetik, bi herrien arteko akordioa formalizatzen dute maiz. Akordio horien arabera, Sarako herriak bere herri-lurren erabilera uzten die Etxalarkoei (ordain baten truke) usategietan sareekin ihizian aritzeko.

Berrikiago, bi herrien arteko erlazio onak ikusirik eta uso ihiziari buruzko hartu-emanei legezko izaera ematea komenigarri zela kontuan hartuta, 2011z geroztik urtero berresten dute bi herrietako alkateek ihizi-hitzarmena uso-sasoiaren bezperatan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun