Zugarramurditik hurbil, Urbiako lepoan zebiltzan 5 motorzale salatu zituen igandean Guardia Zibilak

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 15a, 15:30

Igandean SEPRONAko agenteek 5 motorzale harrapatu zituen mendian barrena zebiltzanean, pistatik kanpo, Urbiako lepotik hurbil. Gelditu zituztenean, bakar batek ere matrikula-plakarik ez zuela ikusi zuten agenteek. Gainera, motorzale horietako batek ez zuen ez gidatzeko baimenik, ezta asegururik ere. Mendiko pistetatik kanpo motoekin ibiltzea erabat galerazia dago, eta arau-hauste bat da 36/1994 Foru Dekretuaren arabera. Guttienez 2 metroko zabalera duten pista eta bide baimenduetan soilik ibiltzen ahal dira gisa honetako ibilgailuak.

Mendiko motoak begiratzea Guardia Zibilak, eta bereziki SEPRONAk, duen zereginen barnean sartzen da; hain zuzen ere, mendian ibilgailu motordunen jarduerak kontrolatzeko egin duten ahaleginaren barnean. Gainera, motoak, quad-ak eta antzekoak ez dira beti baimendutako pistetan barrena ibiltzen, eta auniztan babes bereziko natur-eremuetan ere sartzen dira, hala nola Aritzakun-Urritzate aldean edota Orabidean.
 
Arrazoi horiengatik salatu dituzte bortz motorzaleak. Kasu honetan, gainera, salatutako enduro moto guztiak matrikula-plakarik gabe zihoazen, batek ez zuen asegururik eta gidariak ez zuen gidatzeko baimenik.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun