Bestarik ez baina egun berezia izan dute Saran

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 15a, 14:00

Covid-19agatik aurtengo Sarako bestak alde batera gelditu badira ere, igandea egun berezia izan zuten. Gerran hildako beteranoen omenez loreak paratu zituzten eta horrez gain, hainbat izendapen egin zituzten: Lur Berri gela Jean Aniotzbehere izendatu dute eta erreboteko frontoia Jean Fagoaga izanen da. Iparraldeko luzeko pilota txapelketako finalekin eta kantaldi batekin borobildu zuten eguna.

Goizeko mezaren ondotik, gerran hildako beteranoak ohoratzeko dauden bi harrietan loreak pausatu zituzten. Horrez gain, orain arte Lur Berri gela izan dena 1983tik 2008ra bitarte Sarako auzapez izan zen Jean Aniotzbehere izenez izendatu zuten, Aniotzbehere auzapeza egon zelarik antolatua eta eraberritua izan zelako. Battite Laborde egungo auzapezak zorionak eman zizkion holako gela ederra egin zuelakoz eta Aniozbeherek bere izena emateagatik eskerrak eman zituen, eta kontent agertu zen gelak segida baduelako. Ondotik, aurreskua dantzatu zioten Leire eta Joanesek.

Errebote berriari, berriz, Jean Fagoaga pilotari famatuaren izena eman zioten, hau ere auzapez egona 1971tik 1977ra eta memento hartan egin zelako. Bere garaian, txisteran pilotari ainitz izan ziren Saran; denek ezagutzen genuen Jean Lemoine kasu. Igandean berean jokatu ziren Iparraldeko txapelketaren barne, udako torneoko luzeko finalak, eta orduan inauguratu zuten Jean Fagoagaren izena daraman harria. Laborde auzapezak Fagoaga ohoratu zuen, pilotari ederra izan zela erranez eta pilota plazak bere izena merezi duela aipatu zuen. Fagoaga ere kontent agertu zen. Bere alaba ttikia den Leire eta Joanesek aurreskua dantzatu zioten eta ondotik, denek aperitifa hartu zuten Jean Anozbehere gelan.

Egun horretan, gazteriak plazan ostatua antolatu zuen, talo eta pintxoekin, eta ilunabarrean kantaldia izan zen Primadera taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun