Sarako Unax Aizpuruak irabazi du Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 14a, 10:00

Unax Aizpuruak 200 euro eta Txiki oroigarria jaso zituen saritzat.

Guztira 33 lan aurkeztu ziren Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketara eta 13 urtekoen artean Sarako Unax Aizpurua Ibargarai izan zen irabazlea.

Argi Berri Elkarteak, Ordiziako Udalarekin batera, Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa antolatu du. Lanak bildu ondotik, Manu Olano, Nikolas Zeberio eta Izar Sarriegik osatutako epaimahaiak aztertu ditu eta atzo, irailaren 13an, banatu zituzten sariak.

13 urte artekoetan, guztira bortz lan aurkeztu zituzten eta Sarako Unax Aizpurua Ibargarai izan zen irabazlea. Bigarren saria Oreretako Mara Albistur Gurrutxagarentzat izan zen eta hirugarrena Orioko Amaiur Sukia Yabenentzat. Parte-hartzaileek etxetik atera ezina izan zuten gaitzat eta horri erantzun behar izan zioten.

Gazteetan, 14-18 urte artekoetan, zazpi lanen artean, Beasaingo June Aiestaran Iparragirreren 'Parez pare' lana izan zen gailendu zena, Zarauzko Aner Peritz Manterolaren 'Mundura buelta' bigarren eta Hernaniko Garazi Urdangarrin Larreden 'Udako egun batez' hirugarren.

Helduen artean (18 urtetik goitikoak) guztira 21 lan aurkeztu ziren eta Donostiako Manez Mujika Amunarrizen 'Gelan sartu orduko' izan zen epaimahaiak gustukoen izan zuena. Beasaingo Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenaren 'Bidean' eta Asteasuko Haritz Mujika Lasaren 'Buruan' izan ziren bigarren eta hirugarrenak, hurrenez hurren.

Sariak

Sari banaketa irailaren 13an, igandean, egin zuten Ordiziako Barrena Kultur Etxean. Sarituek sariak jaso ahala bertsoak kantatu zituzten. Gaztetxoen kategorian 200 euro, 100 eta 50 eman zizkieten sarituei; gazteen kasuan, 300, 200 eta 100 euro jaso zituzten eta helduen artean 500, 400 eta 300. Horrez gain, maila bakoitzeko irabazleek Txikia oroigarria jaso zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun