Osasun neurri zorrotzekin bada ere, ederki iragan da Senpereko Elkarteen Eguna

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 9a, 15:01

Buruilaren 5ean elkarretaratu dira berrogei bat elkarte, Larrekon.

Azken urte hauetan ainitz handitu da Senpereko jendetza, eta ongi erakusten du elkarteen kopuruak: 90 badira herrian, gutti goiti-beheiti. Horietarik 40 inguru hurbildu ziren buruilaren 5eko elkarretaratzerat.

Herriko Etxeko Elur Alberdik dioen bezala, «nahiko arranguratuak ginen, osasun neurri zorrotzak bete behar direlakoz, eta horrek lana ez du errazten. Halere, jende ainitz etorri zaigu, eta abantzu usaian bezala iragan da. Antolakuntzaren aldetik arrakastatsua izan da. Larreko gela ederki betea zen. Ageri da jendeek nahi dutela aitzinerat jarraiki, egoera bitxi honen gainetik eginez».

Bertzalde, aurtengoan ere hautetsiek zerbitzako lana egin zuten, lehen aldia zen ekipa berriko ainitzentzat. «Ondikoz, bazkaririk edo zintzur bustitzerik ezin dugu egin, heldu den urtean agian!», aipatu digu Alberdik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun