Auto pilaketei buruz solas egiteko ortziralean egitekoa zuten bilera gibeleratu egin dute Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 9a, 08:00
Trafiko arazoak ez dira oraingoak Zugarramurdin. Argazkia 2014. urtekoa da.

Herritar batzuek deituta, abuztuaren 11n auto pilaketengatik eta herrian zehar dabilen zirkulazioagatik bilera bat egin zuten Zugarramurdin.  Udalak, azken urte hauetan, hainbat neurri hartu ditu baina ez dira nahikoak izan. Hori dela eta, lan horretan lagundu nahi dietenei gonbidapena luzatu diete. Ideiak eta proposamenak bildu ahal izateko bertze bilera bat egitekoa zuten irailaren 11rako Akelarrenean, baina gibeleratzea erabaki dute. «Aitzineraxeago eginen dugu, zeren eta oraindik informazio gehiago biltzeko prozesuan gaude», aipatu digute Zugarramurditik.

Karabanen etortzeak ere kezka eragin du herritarrengan

Karabanak aparkatzeko afera urte pare batetik honat ere nabarmen ikusten ari dira Zugarramurdin, baina hilabete hauetan aise gehiago etortzen ari dira, eta jendea kezkatzen hasia da. Orain arte, gehienak gaua pasatzera etortzen ziren eta goiz aldera partitzen ziren. Azken aldian, ordea, hau aldatzen ari dela iduri du, eta zehazki, joan den abuztuaren 11n arazo larria bihurtu zen. Egun horretan zabor-kontainerrak hustu gabe gelditu ziren, karabanek pasabidea hetsi ziotelako eta bilketa kamioia ezin sartu gelditu zelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun