Joseba Larralde beratarrak irabazi du Sarako Kontrabandisten Lasterketa

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 2a, 15:00

Emakumezkoetan, Maud Combarrieu izan zen lehenbizikoa igandean Saran egin zen lasterketan. Proba egin zuten 36 lagunen artean hainbat izan dira eskualdekoak. Iñaki Mihura arraioztarra, erraterako, hirugarren izan zen gizonezkoetan eta Ainhoa Etxegarai Elgorriaga bigarren emakumezkoetan. Kanaldude herri telebistak zuzenean eman zuen Sarako lasterketa.

Joan den urtean bezala, Joseba Larralde Altzugarai beratarrarentzat izan zen iragan igandean Saran egin zen kontrabandisten lasterketa. Gainera, joan den urteko denbora hobetuz lortu zuen garaipena. 39 minutu eta 17 segundoko denbora behar izan zuen 8,4 kilometroko ibilbidea osatzeko (iaz 40.35). Bere gibeletik, 2019an bezala, Baionako Guillaume Levoy sailkatu zen (39.46) eta Iñaki Mihura arraioztarra hirugarren helmugaratu zen (41.19). Lehenbiziko hamarren artean, laugarren, bosgarren, seigarren eta zortzigarren postuak ere eskualdeko kirolarientzat izan ziren: Agoitz Irazoki Altzugarai lesakarra, Peio Etxabide Gartzia lesakarra, Asier Apezetxea Iparragirre aranztarra eta Mattin Etxabide Gartzia lesakarrarentzat, hain zuzen.

Emakumezkoetan, berriz, Maud Combarrieu izan bizkorrena (48.17) eta bigarren Ainhoa Etxegarai Elgorriaga gelditu zen (55.54). Julene Etxeberri Pacheco saratarrak, berriz, hirugarren egin zuen (01.01.05).

Ikusi hemen sailkapena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun