Urdazubiko Geroa Baik Herriko Etxean zintzilikatu duten Espainiako banderaren aitzinean «harridura eta kezka» adierazi du

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 2a, 13:00
Espainiako bandera zintzilikatzeko erabakia «ezkutuan» hartu dutela salatu du Urdazubiko Geroa Baik.

Hurrengo batzarrean Udal Gobernuari eta bereziki Iñaki Ariztia alkateari azalpenak exijituko dizkiola adierazi du Urdazubiko Geroa Baik

Irailaren 1ean, asteartean, Urdazubiko Herriko Etxean zintzilikatu zuten banderaren aitzinean, Geroa Baik «harridura eta kezka» plazaratu nahi izan ditu. Igorritako prentsa-oharrean adierazi dutenez, «Espainiako eta Europako banderak erabakiaren berri eman gabe» zintzilikatu dituzte eta «joan den ortziraleko ohiko batzarrean erabakiaren berri eman ez zutenez, ezkutuan hartutako erabakia» dela aipatu dute.

Udal Gobernuak, Azkar Taldeak eta «bereziki, Iñaki Ariztiaren» erabakiak «harridura» eragin dio Geroa Bairi. «Kezkagarriena», ordea, «Azkar Taldeak Nafarroako eta Urdazubiko banderak ahaztu edo baztertu izana» dela uste dute: «Zertaz? Noiz, nola eta nork hartu du erabakia?».

Erabakiarekin ados ez daudela ageriko egitearekin batera, «Udal Gobernuari eta bereziki azalpenak exijituko» dizkiotela adierazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun