Sarako Idazleen Biltzarra egun bakarrera mugatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 2a, 08:15

Osasun eta segurtasun neurriak hartuta igande honetan, irailak 6, eginen da 37. biltzarra, osasun egoera dela eta egun bakarrean. Antolatzaileek aitzinatu dutenez, argitaletxe, idazle eta musikarien 96 mahai izanen dira 10:00etatik 18:00etara kiroldegian. Sartzea bi euro ordaindu beharko da.

Usaian bezala, hainbat aurkezpenekin osatu dute egitaraua. Bertzeak bertze, Euskaltzaindiak eta hainbat argitaletxek euren lanak aurkeztuko dituzte eta Euskarazko Wikipediaren inguruan mintzaldia ere izanen da. Bi urterik behin banatzen dituzte Biltzarreko sariak, idazle edo sortzaile bat sarituz eta aurten Marie-Jose Basurko eta Koldo Ameztoi ohoratuko dituzte.

Horrez gain, gazte literatura saileko irakurketa musikatuak eginen dituzte Kiribil konpainiarekin 11:00etan, 15:00etan eta 16:00etan, eta Arantxa Leizagoienen margolan eta marrazki erakusketa ere ikusgai izanen da. Axuri'arte taldekoen eta bertze hainbat eskulangileren lanak plazan paratuko dituzte ikusgai eta salgai. Jatekoa eta edatekoa ere izanen da.

Egitaraua

  • 10:00etan: BBAX Behi Bideko Andere Xuriak taldearen azken diskoaren aurkezpena.
  • 10:20ean: Euskarazko Wikipediari buruzko mintzaldia.
  • 10:40an: Euskaltzaindiaren argitalpenen aurkezpenak: Adrien Gatxitegi: Laborantzatik Hobeki Bizitzeko; Eñaut Etxamendiren obra narratiboa (1964-2011): hurbilpen kritikoa; Testuak eta argibideak errenazimendutik ilustraziora, XVII. eta XVIII. mendeak eta Emile Larre (1926-2015) lekukotasun, kantu eta idazki.
  • 11:30ean: La nouvelle politique linguistique au Pays Basque eta L’essor du vote nationaliste basque liburuen aurkezpenak.
  • 12:00etan Biltzarreko sari banaketa.
  • 14:00etan: Guide Saint Sebastien, geologie urbaine liburuaren aurkezpena.
  • 14:15ean: L'Ombre des Immortelles liburuaren aurkezpena.
  • 14:30ean: Apitxi mon Héros, du front aux frontons liburuaren aurkezpena.
  • 15:00etan: Un Zeste d'Orange et d'Espoir liburuaren aurkezpena. 
  • 15:20ean: Maddi Ane Txoperena Iribarrenen Ene baitan bizi da liburuaren aurkezpena.
  • 15:40ean: 22H sur 24 liburuaren aurkezpena.
  • 16:00etan: Maule Lextarre, Baiona eta Donibane Garazi liburuen aurkezpenak.
  • 16:40an: Miren Artetxe Sarasola eta Ane Labaka Mayozen Bertsolaritza Feminismotik (Bir)pentsatzen liburuaren aurkezpena.
  • 17:00etan: Mort d'un Homme liburuaren aurkezpena.
  • 17:30ean: Joseba Aurkenerenaren Izenez eta Izana liburuaren aurkezpena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun