Kultur programak Bertizen, Beran, Donamarian, Elizondon, Leitzan eta Zugarramurdin egitekoa du aurten geldialdia. Eskualdeko lehenbiziko ekitaldia uztailaren 23an izan zen Donamarian, Feten Feten musika taldearekin. Uztailaren 30ean, Brodas Bros Hipstory dantza taldea hip-hop dantzan aritu zen Elizondon. Zugarramurdin asteburu honetan izanen den saioaren ondotik, irailaren 12an Beran eta Leitzan eginen du Kultur programak geldialdia. Beran Iruña Jazz Big Band Meets ariko da eta Leitzan Roland & Loop. Bertzetik, abuztuaren 30era arte Pedro Salaberriren Bideak margo erakusketa ikusgai izanen da Bertizko Jauregian.
Tipitako taldea Zugarramurdin
Nafarroako taldea 2010ean sortu zen, flamenkoaren, rockaren eta estilo latinoen ukituen arteko nahasketa egiteko asmoz. Lokal ttikietan hasi ziren kontzertuak ematen, lagunartean eta herriko bestetan, eta poliki-poliki, bertze agertokiak lortzen hasi ziren, hala nola, 360 Nafarroako Jaialdia, Iruñeko Foru Plaza sanferminetan eta Errioxako Actual Jaialdia. Zenbait lehiaketa ere irabazi zituzten, Nafarroako Gazte Artisten Topaketa eta Errioxako Guerra de Bandas, bertzeak bertze. Beren ibilbidean, artista ezagunekin partekatu dute agertokia: Chambao, Celtas Cortos, Gipsy Kings, Chiki Lora, Talko, Kase... Hiru lan argitaratu dituzte: Maskaraquespalda (2012an); Tipitako (2014an) eta Sonido de Bolsillo (2017an).