COVID-19: Elkarrizketak

«Kontent baina aldi berean erne aritu gara kirol udalekuetan begirale»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 31a, 12:00

Arantxa BLANCO GARDE, Urdazubiko begiralea

Kirolaren bueltan bizi da Arantxa Blanco Garde (Urdazubi, 1985). Afizioz kirola aunitz maite duena da eta ofizioz, eskolaz kanpoko ekintzak, hitzorduak eta udalekuak antolatzen dituen enpresa bateko arduraduna eta begiralea, baita heziketa fisikoko irakaslea ere. Covid-19aren eragina «aunitz sumatu» dutenetako bat da, «martxotik ekainera erabat geldirik» egoteraino.

Kontatu digunez, «martxoaz geroztik eskolaz kanpoko ekintzak eta udarako antolatuak genituen udaleku batzuk bertan behera utzi behar izan ditugu, ezin ditugulako eskatzen dituzten baldintzak bermatu, eta kirol hitzordu ugari ere bertan behera gelditu da». Tartean etxean antolatu ohi duten Urdazubiko kontrabandisten lasterketa. «Airean» omen dago: «urriaren 3-4an egin nahi genuke baina ez dakigu nola izanen garen eta ikusiko dugu».

«Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketa urriaren 3-4an egin nahi genuke baina ez dakigu nola izanen garen eta ikusiko dugu»

Dena, ordea, ez da alde batera gelditu. Berriz lanean hasiak dira eta horrekin batera, udaleku batzuei ekin diete, nahiz eta «izen-emateak nabarmen beheiti egin duen». Hain zuzen, aitzinera atera duten kirol udalekuetako bat Urdazubikoa izan da eta «arras kontent» dago erantzunarekin: «Nerone Urdazubikoa izanda eta haur koskorrentzat deus ez zegoela ikusita, udan zerbait antolatzeko beharra ikusten nuen. Hala, aurten lehenbiziko aldiz, kirol udalekuak proposatu ditugu eta arras ongi erantzun dute. 28 haur apuntatu dira, horietako bat Zugarramurdikoa eta gainerakoak Urdazubikoak, eta 8 eta 13 urte bitarteko haurretan halako kopurua lortzea handia da».

«Egoera dela eta, hartu beharreko neurriek egoera zaildu arren, udalekuek Urdazubik izan duten erantzunarekin kontent gaude»

Gustura ibili da sorterrian begirale, baina «erne» egon behar izan dute eta koronabirusa tarteko, hainbat neurri hartuta: «haurrak bi taldetan banatu genituen eta kanpoan eta tartea mantentzeko jarduerak egiten saiatu ginen». Horrez gain, «maskarak erabiliz, sartzerakoan gela emanez, eskuak orduero garbituz, materiala egunero ongi desinfektatuz...» moldatu ziren. «Garbiketarako espresuki langile bat hartu genuen», gaineratu du. Halako neurriek egoera «zaildu» bazuten ere, «erantzunarekin kontent gaude eta ondoko urteetan segitzea espero dugu». 

Gainerakoan, udan bere zaletasun handi diren «kirolari eta bidaiatzeari», tokia egiten saiatuko da, hori bai, ezohiko egoerara egokituz. «Alpeetara joateko asmoa bertan behera utzi behar izan dugu ez genekielako nola izanen zen. Baina furgoneta hartuta, Pirionetara joko dugu, jende aunitzik ez dagoen tokien bila» eta bide batez, hainbertze gustatzen zaion mendian ibiltzeko afizioari eutsiz, «bizikletarekin edo lasterka, baina mendira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun