Joana Urbistondo

«Euskal Herrian bertako produktu andana atzemateko xantza dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 8a, 08:00
Animaliekin eta lurrarekin lan egiteko duen aukeragatik, zorionekoa sentitzen da Joana Urbistondo.

Joana URBISTONDO LARRALDE Sarako laboraria

2012az geroztik laborantza dute ogibide Joana Urbistondo Larralde saratarrak eta bere familiak. Ardiak, behi gorriak eta sagarrak landuz, gasna, haragia eta sagarnoa ekoizten dute Ihitia baserrian. Lan lotua duen arren, «kristoren suertea» duela sentitzen du, «animalia eta lurrarekin lan egiteak existentziari zentzu osoa» ematen diolako.

Noiz eta zer dela eta erabaki zenuen burasoen lanari segida ematea?

2012an gelditu nintzen etxaldean ikasketak finitu ondotik. Argi nuen baserrian gauzatu nahi nuen proiektua eta lan horri ekin nion.

Zer egiten duzu egunerokoan?

Gure etxaldea dibertsifikatua dugu eta sasoiaren arabera lana aldatu egiten da baina ardiak zaindu, bazkatu, jetzi, gasna eta esnekiak egin, salmenta, sagardiko lanak, sagarno eta jusaren ekoizpena, kanpoko lanak, kontuak eraman…

Zer da Ihitia baserrian ekoizten duzuena?

Ama eta anaiarekin ari naiz lanean eta esne-ardiak, behi gorriak, sagarrondoak ditugu eta esnea, sagarra eta haragia eraldatzen eta zuzenki bezeroei saltzen saiatzen gara.

2012an gasnatze proiektu bat garatu zenuten. Kontaiguzu zertan datzan proiektu hori...

2012a bitarte, burasoek ardi-esnea kooperatiba bati saltzen zioten eta nire proiektu nagusia esnea etxaldean eraldatu eta saltzea izan zen. Laborari izatea, nire ustez, jakia sortzea da, bururaino eramatea.

Sagarnoa egiteko prozesua luzea izaten da. Noiz hasten duzue eta noiz merkaturatzen duzue?

Gure bi hektareatan biltzen ditu sagarrak, ondu ahala, abuztu hondarretik hasi eta urri bukaera artean. Bertan, xehatu, tinkatu eta irakiten ditugu. Urtarriletik martxora bitarte boteilaratu eta ondotik etxaldetik, ostatu, jatetxe eta dendetan banatzen dugu.

Saran azoka egiten duzue… Zenbatero biltzen zarete?

Ekoizle eta eskulan egileen merkatua, astero ortzegun goizetan egiten dugu Sarako errebote plazan.

Zertan eragin du koronabirusak ekoizleen salmentetan?

Ekoizpen batzuentzat goiti egin duela erran nezake; adibidez, barazki eta haragiarenzat. Gasna, aldiz, gutiago saldu dugu konfinamendu garaian. Gaitzarengatik, lana gehitu zaigu, banaketak areagotu ditugu. Ikusiko da nora eramanen gaituen kontu honek ondoko hilabeteetan...

Jendeak bertako produktuak estimatzen ditu?

Iduritzen zait guregana etortzen den jendeak estimatzen duela gure ekoizpena, gustuduna, bertakoa, sanoa, sasoikoa. Beti ez da erraza... guk ere behar baitugu bezeroen galdeari egokitu eta banaketa erraztu… Euskal Herrian oraindik bertako produktu andana atzemateko xantza dugu eta hori kristoren aberastasuna da.

Zergatik egin beharko genuke bertakoaren aldeko apustua?

Bertakoa kontsumituz gauza ainitz babesten dugu: elikadura burujabetza, kanpokoarekiko menpekotasun gutiago izatea, osasuna, inguramena errespetatzen duten tokiko arrazak, landare motak eta praktikak, naturarekiko lotura eta jakintzak...

Idoki elkarteko kide zara, zenbat ekoizle zarete elkartean? Zertan da elkarteak bertako kideei eskaintzen dien laguntza?

Idokik 100 bat etxalde biltzen ditu. Idokin produkzio sail bakoitzean araudi zorrotza bete behar dugu, etxe ekoizpenaren ziurtagiri bat da eta hauen promozio kolektiboa egiten du. Laguntza ekartzen digu eraldatze formakuntzetan, salmentarako…

Lan lotua duzu… tarteka deskonektatzeko denbora hartzen duzu? Nola moldatzen zara?

Bai, biziarekin lan egiteak lotura ekartzen du eta ardura ainitz baina guk familian lan egiten dugunez, antolakuntzarekin, posible dugu lan gutiago dugun sasoinean pixka bat libratzea. Baten bat etxean dela jakiteak ainitz lasaitzen du kanpora joatean.

Baserritik kanpo, zein da zuretzat asteburu baterako plan hoberena?

Irati bezalako oihan eta mendietan ibili, tokiak ikusi, bizikletan ibili, konpainia onean bazkaldu eta besta pixka bat egin!

Sarako txokorik politena?

Ainitz ditu baina Suhalmendi eta inguruko bistak erranen dut.

Zerk egiten zaitu zoriontsu?

Eguneroko plazer ttikiek, goizero jaiki eta helburuak izateak. Nire ustez kristoren suertea dut lanbide honetan, animalia eta lurrarekin lan egiteak existentziari zentzu osoa ematen dio.

Amets bat?

Hego Ameriketako itzulia egitea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun