Itxiera profitatu eta berrikuntza handiekin ireki dituzte Zugarramurdiko lezeak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 15a, 13:00

Leze barnean ibilbide zirkularra proposatzen da eta irteera Etxeberriko belaietatik egiten da

Itxierako lau hilabeteak profitatuz, hainbat lan egin dituzte Zugarramurdiko lezeetan, eta ondorioz berrikuntza handiekin egin da irekiera. Aspaldi da lezeetan ikerketa sakon bat egin nahi zela. Gaupasak egiten ziren garaietatik baziren hainbat kezka, batez ere lezeak duen jasangarritasunakin, hau da, ingurumenari ahal bezain kalte ttikiak egiteko. Ikerketa hau 2018 urtean egin zen, hainbat atal kontutan hartuz: historia, ingurumena, turismoaren eragina, eta gisakoak.

Hortik aholku zehatzak bildu ziren, eta horietako batzuk martxan eman dira:

  • Leze gainera doan bidea hetsi da (behar bada bertze fase batean moldaketak egin ondotik berriz irekiko da)
  • Eskailerak jautsi eta ezkerreko aldean dagoen galeriako bidean aldaketa handiak egin dira: arkaitz handiak eta arbol etzan bat jarriz, bidexka bat egin da, jendea hortik pasatu dadin, inguruko bazterrak kaltetu gabe.
  • Leze barneko ibilbide zirkular bat proposatu da, QR kodigo baten bidez (edo sarreran dagoen plano bati mugikorraz argazkia ateraz). Honek jendeakin ez gurutzatzea laguntzen du, Covid- 19aren arriskuak sahiestuz.
  • Irteera ez da orain bezala sarreratik eginen (eskailera goiti), baizik eta bide berri batetik: Etxeberriko belaietatik. Honek ibilbidea goxatzen du, zelaiagoa delako, eta bertze aldetik bertze paisaia bat eskaintzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun