Hiru hilabeteko geldialdiaren ondotik Zugarramurdiko leze eta museoko ateak zabaldu dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 2a, 18:00

«Ziurgabetasuna nagusi izan den hilabete gogorrak» izan direla azaldu dio Ainhoa Agirre Sorginen Museoko eta lezeko kudeatzaileak TTIPI-TTAPAri, baina behar diren egokitzapen neurriak hartuta, lanean hasi dira eta «kontent» daude jendea ongi erantzuten hasi delako. Egindako aldaketen artean, bertzeak bertze, sarrerak online erosteko aukera martxan paratu dute.

Covid-19aren eragina bete-betean sumatu dute Zugarramurdiko lezean eta Sorginen Museoan, bertzeak bertze, alarma egoera turismoa erakartzeko data onetan etorri zelako: «San Joseko zubia, Aste Santua, maiatzaren 1eko zubia... Data txarrak izan dira». Halaxe aitortu digu Ainhoa Agirre kudeatzaileak, eta «ekonomikoki kolpe handia» izan dela dio. «Ziurgabetasuna» nagusi izan diren hilabeteak izan dira, baina «tarte horretan ez gara geldirik egon» eta hainbat egokitzapen lan eginda, prest dira berriz bisitariak hartzeko. Atzo ireki zituzten lezeko eta museoko ateak.

Agirrek azaldu digunez, «museoan eta lezean egokitzapen lanak egiterakoan bi ardatz» izan dituzte kontuan: «alde batetik, bisitarien zein langileen osasunaren zaintza bermatzea, eta bertzetik, gurea aisialdia dela eta bisitariak naturaz eta kulturaz gozatzera datozela. Bi ardatz horiek uztartu ditugu».

«Lan handia izan da eta ez da erraza izan baina gauzak zentzuz eta fase bakoitzari begira egiten saiatu gara»

Bide horretan, «hasieran arriskuen balorazioa» egin zuten eta horren ondotik etorri zen «kontigentzia plan konpletoa eta konplexua». Horretarako, hainbat alderdi izan behar izan dituzte kontuan: «museoei zuzendutako gomendioak kontuan hartu behar izan ditugu, baita natur guneei zuzendutakoak, turismo bulegoenak, dendenak, bisita gidatuenak... ere. Hori guztia kontuan hartuz protokoloa egokitu dugu». Agirrek onartu du «lan handia» izan dela, eta «ez dela erraza izan», bertzeak bertze, «fasetik fasera informazioa aldakorra izan delako». Baina «gauzak zentzuz eta fase bakoitzari begira egiten saiatu» direla argitu du.

«Sarrerak eskura ere salduko ditugu baina online bidezkoak hobetsiko ditugu»

Egin dituzten egokitzapenen artean, «museoan eta lezean ibilbideak» aldatu dituzte: «jende pilaketak saihesteko sarrera eta irteera toki diferenteetatik egin behar da eta gel hidroalkoholikoa puntu ugaritan paratu dugu». Horrekin batera, edukiera mugatu dute eta sarrerak Internetez erosteko aukera ezarri: «aurtengo urtean martxan paratu beharreko proiektuetako bat zen, baina Covid-19ak prozesua azkartu du». Orain arte bezala, sartzeak eskura ere salduko dituzte, baina Agirrek nabarmendu duenez, «online bidezkoak hobetsiko ditugu». Bertzetik, apaletatik eskuorriak kendu eta horren partez, «web orritik edo QR kodearen bitartez deskargatzeko aukera» jarri dute.

Egoerara egokitzeko aldaketa gehiago ere egin dituzte. Horren adibide, «museoan bisita osoan musukoa erabiltzea derrigorrezkoa» izanen dela adierazi digu, baita «haurrak eskutik hartuta ibili behar dutela edota igogailuan edo komunetan banaka sartu behar dela» ere. Garbitasuna ere bermatu nahi dute eta helburu horrekin, garbiketarako produktuak aldatu dituztela kontatu digu eta «birusaren kontrako produktuak» erabiltzeari ekin diotela. Gehiago ere bai: «garbiketaren maiztasuna indartu dugu».

Auditorioan ere aldaketak egin dituzte: «orain arte 20 minuturo film bat eskaintzen genuen, baina legeak dio tarte horretan tokia desinfektatua dagoela bermatu ezin bada ezin dela ireki, eta pena bada ere, itxita egonen da. Horren ordez, larunbat arratsaldetan tailerrak eskainiko ditugu».

Aldaketak aldaketa, hiru hilabeteko geldialdiaren ondotik hasi dira, eta prest dira bisitariak hartzeko. Gainera, erantzuna ona izaten ari da eta «kontent» daudela azpimarratu digu Agirrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun