Sarako lezeak egunero irekiko dituzte ekainaren 29tik irailaren 30era

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 27a, 08:00
Irailaren 30a bitarte egunero irekiko dituzte lezeak 10.00etatik 18.00etara.

Osasun larrialdiarengatik orain arte itxita egon badira ere, ekainaren 29tik irailaren 30era egunero irekiko dituzte Sarako lezeak. Hori bai, bisitak segurtasunez egiteko, inguruak berrantolatu dituzte.

Sarako lezeak eta haren inguruko instalazioak itxita izan dituzte osasun krisiak iraun duen bitartean baina, bisitak artatzeko dena prestatu ondotik, berriz irekiko dituzte ateak datorren astelehenean eta egunero zabalik egonen dira heldu den irail hondarrera bitarte. Ordutegia: 10.00etatik 18.00etara.

Bisitan joan nahi duenak jakin behar du hiru ordu laurdeneko bisitak eskaintzen dituztela eta erreserbak online egin behar direla, eguna eta tenorea hautatuz.

Hartu dituzten neurrien artean, ibilbidea norabide bakarrekoa izanen dela iragarri dute. Taldeak normalean baino ttipiagoak izanen dira, gidari banarekin. Gel hidroalkoholikoa izanen da sarreran eta bisitariek derrigorrez musukoa eraman beharko dute.

Bisitari bakoitzak Interneten eskuragarri den gunearen mapa bat errezibituko du gunera ailegatu orduko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun