Haur eta gazteentzako udako eskaintza izanen dute Urdazubin ere

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 24a, 15:00
Urdazubiko neska-mutikoek udapasarako aukera bikaina izanen dute.

3-7 urtekoendako ludoteka eskainiko du Landa haurtzaindegiak eta 8-16 urtekoendako multi-jarduera campusa Sport-madness enpresak

Urdazubiko eta inguruko herrietako haur eta gaztetxoek aurtengo udan ongi pasatzeko aukera gehiago izanen dituzte herrian, izan ere, ludoteka zerbitzua izanen da ttikienendako eta multi-jarduera campusa koxkorragoendako.

3 eta 7 urte artekoendako ludoteka zerbitzuari dagokionean, Landa haurtzaindegiak eskainiko du, eta ekainaren 27ra arte eman daiteke izena.

Bertzalde, 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteek Urdazubiko kontrabandisten lasterketa kudeatzen duen Sport-madness enpresaren eskutik multi-jarduera campusean parte hartzen ahal dute. Izenak berak dioen bezala, hainbat jarduera eginen dituzte parte-hartzaileek. Bi txanda izanen dituzte: lehenbizikoa ekainaren 29tik uztailaren 10era bitarte eta bigarrena, uztailaren 13tik 24ra. Bietan, 09:00etatik 14:00etara.

Campusaren bilgunea herriko eskola izanen da eta parte-hartzaileak bi taldetan banatuko dituzte. Alde batetik, 8 eta 11 urte bitarteko haurrak eta, bertzetik, 12 eta 16 urte artekoak. Campusa 09:00etan hasiko bada ere, 08:00etatik 09:00etara zaintza zerbitzua ere eskainiko dute eta 14:00etatik 15:30era bazkari zerbitzua. Bakoitzak etxetik eraman beharko du bere janaria.

Parte hartu nahi dutenek www.mysportmadness.com webgunean edo arantxa@sport-madness.es helbide elektronikoan egin dezakete. Txanda bakoitzean parte hartzeagatik 95 euro ordaindu beharko dira, eta bi seme-alabek izena emanez gero, bakoitzak 80 euro. Ekainaren 25a izanen da izena emateko hondarreko eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun