Jour de Fête antzerki taldeak erakustaldi bat sortu nahi luke Senperen

Pierre Bastres 2020ko eka. 19a, 07:00
Jour de Fête taldekoak Senperen egin duten egonaldian.

Astebete iragan dute Larraldean, gerorako egitasmoaren ontzeko eta hazil hondarrerako erakustaldia egin nahi dute

Baionako antzerki elkartea da  Jour de Fête (Besta Eguna), bainan usaia dute bertze lekutan elkarretaratzea, xede berriak sortzen hasteko. Honetakoan Senpereko Larraldea hautatu dute, Andoni Iturrioz etxeko jaunarekin harremanetan zirela aitzinetik ere.

Alaia Berhonde (Baiona, 1984) elkarteko sortzaileetako bat da, antzerki mundurat jina ibilbide itzulikatsu baten ondotik. «Tolosan zinemarako teknikaria bilakatzeko ikasketak burutu ondotik, Bartzelonarat bizitzerat izan naiz. Gero Tolosarat itzuli naiz, soziologia eta antropologia ikasketeri lotzeko. Azkenean Eskual Herriratu naiz, eta zango bat eman dut bertako kultur munduan, ekoizpenean bereziki. Lanbide hau maite dut handiki: ez da bakarrik logistikaz eta dirulaguntzez arduratzea, baizik eta egiazko harremanen eraikitzea eta iraunaraztea bertze elkarte eta erakundeekin» zehaztu du Baionako neskak. «Beraz, garai hartan, aspaldiko Baionako lagunak janeko aritzen ziren artista gisan. Suharki elgar akuilatzen genuen maiz, antzerki tropa behar genuela sortu, eta honetarik bizi. Azkenean menturatu gara eta erdietsi dugu, Jour de Fête sortuz, 2015 hain zuzen. Eta engoitik, ez gara gelditu. Lau sortzailetarik hiru gara jarraitzen dugunak: Ludo Estebeteguy, Charlotte Maingè-rekin eta hirurok». Horrek ez du trabatzen bertze erakunde edo erakustaldietan parte hartzea, «zeren eta batzuetan bertze artistekin aritzen gara, gure elkartetik kanpo, edo alderantziz bertze artistak gurekin aritzen dira Jour de Fêtekin».

Ingurumenari egokituz, kanpoko antzerkia lehenetsiz

Gainerateko berezitasuna daukate hirurek: kanpoko antzerkia lehenesten dute, izan dadin gune zabal-zabaletan edo hirietan. Berhonden erranetan «antzerkia herrikoia izan dadin lan egiten dugu. Jendeari hurbiltzen gatzaizkio. Adibidez, gure lehenbiziko erakustaldia alegiazko Baiona hiriaren bisita bat zen, jende ainitzek ez zekiten alegiazkoa zela. Honenbertzez, kanpoaldea izigarri garrantzitsua zaigu, galdera batez hasten gara erakustaldi baten sortzen: zer nolako tokitan iragan daiteke? Eta ingurumenari egokitzen gaitzaikio».

 

Hazil hondarrerako egin nahi dute

Preseski, horretarako Senperen bildu dira hirurak, Sebastien Desgrand Uztaritzeko musikariarekin batera, musika sartzen dutela erakustaldi gehienetan.

«Gaia karriketako jendeak izanen da, eta adin guzietako behatzaileentzat. Hortaz gainerat, ez da deusik finkatua denik, asmatzekoa dute. Gaiari lotutako komiki eta liburu zonbait irakurrita hasten zaie sortzeko bidea: jantzi, gauzaki ainitz ekarri ditugu hunat, Larralderat. Entseguak eginez lan egiten dugu, eta hola  agertzen da erakustaldiaren bizkar hezurra, urratsez urrats, aitzin-gibelka ganez. Hala nola, jantziak entseatsen ditugu usaiaz kanpoko tokietan, mendian... eta sortzen diren emozio edo irudipenen arabera hautatzen dugu jantzi mota edo tokia. Berdin soinuarekin: toki batean, izan dadin eremu zabalean edo hertsian,  behatzen dugu nola ateratzen diren ahotsak eta musika».

Hazil hondarrerako erakustaldia nahi lukete burutu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun