COVID-19: Elkarrizketak

«Ez naiz geldirik egon eta konfinamendua ez da gogorra izan»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 28a, 10:00

Martin Rodriguez zugarramurdiarrak 70 urte ditu.

Martin RODRIGUEZ ZUBIRI, bakarrik bizi den 70 urteko zugarramurdiarra.

2003an galdu zuen ama Martintxo Rodriguez Zubirik (Zugarramurdi, 1950) eta geroztik bakarrik bizi da. Zaletasun ugarikoa izaki, horiei tokia egiten saiatzen da ahal duen guztietan: «brikolajea aunitz gustatzen naiz, mendizalea naiz eta mendira ere aunitz ateratzen naiz, belarra pikatzen aritzen naiz... Beti zerbaitetan aritzen naiz, ez da ohikoa ni etxean egotea». 

Zorteko sentitzen da halako inguruan bizitzeko aukera duelako: «ez da gauza bera baserri batean edo herri ttipi batean bizitzea edo herri handi edo apartamentu batean bizitzea» eta hori ederki sumatu zuen konfinamendu garaian: «hemen etxe guztiek badute bere eremua eta ateratzeko aukera izan dugu». Horrekin batera, bi zakurrak «paseatzera ere egunero» egiten zuen bera irteera.  Eta horri esker, ez zitzaion hain gogorra egin itxialdia: «mendian ibiltzeak aunitz lasaitzen nau» eta «herrian ditudan arreba eta ilobekin ere harremana mantendu dut. Ez gara geldirik egon, pintatzen, garbitzen...». Alde horretatik, «herritik ez gara atera baina ez da hain gogorra izan», aipatu digu. Gehiago ere kontatu digu: «30 urtez jende aitzinean aritu naiz lanean eta orain lasaitasuna nahi dut eta hori etxe atarian dut».

Bere kasuan, «okerrena Iparraldera joateko aukerarik ez izatea» izan da: «ohitura handia dut iparraldera joateko. Donibane Lohizune, Sara, Senpere... ondo-ondoan ditugu eta ezin izan dugu joan. Itsaso bazterra maite dut baina ezin izan dut joan, erosketa gehienak Iparraldean egiten ditut baina debekatua izan dugu eta Iparraldeko lagunek ezin izan dute bisitan etorri».

«Telebistan eta irratian ez da bertzerik aditzen, eta gainera gu arrisku handian garela erraten dute behin eta berriz»

Gaiak kezka sortzen diola ere onartu digu: «telebistan eta irratian ez da bertzerik aditzen, eta gainera gu arrisku handian garela erraten dute behin eta berriz. Horrek kezka sortzen du». Horregatik, segurtasun neurriak hartzea «garrantzitsua» iruditzen zaio: «hemendik aitzinera ere segurtasun neurriak hartzen segituko dut, nonbait sartu behar dudanean maskara paratuz». Horrekin batera, «elkar laguntzearen» garrantzia nabarmendu du: «sumatzen duzularik hainbertze jende zendu dela, elkartasuna garrantzitsua iruditzen zait, elkar gehiago lagundu beharko genuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun