Euskal Herriko lezeen ibilbidea izendatu dute ibilbiderik onena

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 2a, 13:00
X. Lezeen Eguna, joan den urtean Zugarramurdin.

Turinea webguneko erabiltzaileek 490 proposamenen artean aukeratu dute zortzi leze lotzen dituen ibilbidea, tartean Sara, Urdazubi eta Zugarramurdikoak

Euskal Herriko lezeen ibilbidea 2020. urteko ibilbide onena izendatu dute, azken bozketan Turinea webguneak antolatutako lehiaketan finalista izan diren gainerako ibilbide turistikoei gailendu baitzaie. Bi hilabeteko lehiaketaren ondoren, Turineako erabiltzaileek 490 proposamenetatik aukeratu dute ibilbide hau.

Ibilbide honek 500 kilometroko ibilbidea proposatzen du, zortzi haitzulo bisitatzeko eta Kantabriar mendikateko eta Pirinioetako txokorik ezkutuenak eta politenak ezagutzeko. Zortzi geraleku zortzi leku ikusgarritan: Pozalagua, Ekainberri, Arrikrutz, Urdazubi, Mendukilo, Zugarramurdi, Sara eta Isturitz. Balio ekologiko eta natural berezia duten lekuak dira, iraganeko aztarna garrantzitsuak gorde dituztenak, eta, kasu batzuetan, haien hormek artzain-elezaharrekin eta mitoekin lotutako herri-errituak adierazten dizkigute oraindik.

Lezeen ibilbidearen ondotik sailkatu dira Bizkaiko GR280a (bigarren) eta El Cid-en bidea (hirugarren). Turineako erabiltzaileek bertze ibilbide batzuk ere goraipatu dituzte: Gipuzkoako burdin-lanaren ibilbidea, Parke eta Lorategi Botanikoen Ibilbidea eta Sefarad Bideak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun