COVID-19: Elkarrizketak

«Mugak irekitzean lanera itzultzea espero dugu baina ez dugu deus ere garbi»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 30a, 08:00

Xabier ARIZTIA URRIZA, Dantxarineko Josenea gasolindegiko langilea

Martxoaren 17tik ERTEn dago Xabier Ariztia Urriza urdazubiarra. 11 lankide dira eta «bulegokoak izan ezik» bere egoeran daude Dantxarineko Josenea gasolindegian zerbitzatzen aritzen diren langileak.

Bertze aunitz bezala «egoerak etxean egotera behartu» du urdazubiarra eta kontatu digunez, «orain emaztea lanean dago eta etxeko lanak nire esku gelditu dira». Tartean, etxeko ttikiaren zaintza: «orain askatasun gehiago daukagu haurrarekin etxetik ateratzeko eta jolasteko, baina hasiera batean gogorra izan zen semeari egoera ulertaraztea».

Ez daki noiz itzuliko diren lanera: «espero dugu mugak irekitzean itzultzea baina ez dugu deus ere garbi». Alde horretatik, «jendearen eta egoeraren arabera moldatu» beharko dutela dio. Ez daki itzulera hori nolakoa izanen den ere: «ez dut arras garbi. Lasaia izaten ahal da jendeak berriz ere konfiantza hartu arte, edota guztiz kontrakoa, lehenbiziko momentutik lanez gainezka ibili. Hori jende kopuruaren araberakoa izanen da. Baina lehengo egun batean Luzaiden gertatutakoa ikusi ondotik, lehenbizian gutienez, segur aski jendez gainezka ibiliko gara».

«Udan izaten dugu lan gehien eta aurtengoan ere hala izatea espero dut»

Udan izaten dute «lan gehien» eta «aurtengoan ere, hala izatea espero» du urdazubiarrak: «mugak itxita egon ondotik, irekitzean segur aski lan kolpe handia izanen dugu, baina denborarekin normalizatzea espero dugu». Hori bai, argi du «gure aldetik segurtasun neurriak hartu beharko ditugula koronabirusa dela eta. Baina zerbitzua ahalik eta hobekien mantentzea da gure nahia».

Onartu digu gaiak «kezka» sortzen diola, «ekonomia aldetik kolpe handia izan da aunitzendako eta horrek modu batean edo bertzean denoi eragiten digu». Bere hitzetan, «lan egoera normaltasunera bueltatzeko, kontsumoa ere maila berean jarri behar da eta kolpe horren ondorioz, etxe aunitzetan deskonfiantza sortu da». Galdera bat ere utzi du mahai gainean: «hemendik denbora batera berriz ere gibelera egiten badugu, eta estatuaren aldetik laguntzak akitzen badira, nola mantenduko dugu geure burua?».

Kontuak kontu, egoerari alderdi ona ateratzen ere saiatu da Ariztia. «Etxekoekin egoteko» aprobetxatu du: «haur ttiki bat dugu eta berarekin oharkabean joaten zaizkigu egunak». Horrekin batera, «aspaldi utzitako batzuk berreskuratzeko eta proiektu pertsonalen bati bultzada emateko ere» baliatu du. Gehiago ere bai: «sukaldean ere pixka bat borrokan hasi naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun