Zugarramurdin hainbat lan egiten ari dira eta egiten hasiko dira

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 14a, 09:30
Zugarramurdiko Herriko Etxea moldatzeko asmoa dute, udazkenean hasita.

Herriko Etxea goititik beheiti konpontzeko lanak udazkenean hasteko asmoa dute eta urtebetez ariko dira

Joan den hauteskundeetan hautatu genituen udalek lanean hasi zirenetik urtebete beteko dute egun hauetan. Zugarramurdikoa buru-belarri dabil lanean eta uraren kontura badira hainbat berri. Alde batetik, ur-sareak zeukan isuri kozkorra atzematea lortu zen (Azketa aldean zegoen), eta behar den bezala konpondu da.

Bertzetik, uraren emaria neurtzeko bi neurgailu jarri dira, bata Bizkarrondoan eta bertzea Teltxegiko borda aldean. Era berean, kanpamentutako errekatik iturri berri bat hartu da, Goiburuko ur-biltegirat bideratzeko eta udan sortzen den ur eskasia arintzeko, Arleungo magalean dagoen depositoko saretik, “bypass” bat jarri da, Goiburuko biltegirat ere ura bideratzeko.

 

Herriko Etxea goitik beheiti moldatuko dute

Bertzalde, leizeko sarrerako etxolaren teilatua moldatu da urte hasiera honetan. Eta egindakoaz gain, laster martxan emateko bertze bi proiektu badaude. Alde batetik, Herriko Etxea den-dena konponduko dute, goititik beheiti. Lanak udazkenean hasteko esperantza da, eta iraupena urtebetekoa izanen dela kalkulatzen da.

Bertze alde batetik, hainbertze urtez hetsirik egon den errota, errentan eman nahi dute. Horretarako lan batzuk egin behar dira aitzinetik, bertzeren artean, teilatua konpondu eta sukaldea handitu, hartzen duen maizterrak lanerako baldintza onak izateko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun