Olivier Hirigoien 'Ibarrarte'

«Eraikuntzako gaiak suntsitzetik salbatzen ditugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 15a, 13:00

Patxa'ma elkarteko Olivier eta Julien lanean.

Suntsitze lanak hasi baino lehen aritzen dira Patxa'ma elkartekoak, gaiak edo ekaiak garbiki kentzeko, birziklatu ahal izaiteko. Olivier Hirigoien Ibarrartek, 37 urteko senpertarrak adierazi digu zer den Patxa'ma.

Nor zara eta zer egin duzu zure lan bizitzan orain arte?

Ingeniaritza ikasketak jarraitu ditut, zurrezko eraikikuntzan hain zuzen, Bordelen. Sail huntan aritu izan naiz beti, Eskual Herritik kanpo batez ere, eta bortz urtez Kanadan, 2018 arte. Urte hartan sartu naiz. Bulegoetan aritu ondoren urte ainitzez, lan konkretuagoetan aritzeko gogoa piztu zait. Teoriaz aspertua nintzen. Gustuko zerbait nahi nuen egin. Bitartekako langile gisa aritu izan naiz, maiasturu gisan, eta arras konten, ainitz baitut ikasi.

Eta lanbide hartan jarraitu nahi zenuen?

Bertze asmorik baneukan bai, haatik ontzeko astia behar nuen, eta hola egon naiz urte bat eta erdiz. Gainerat, militantismoan mugiltzen nintzen, Bizi izeneko elkartean erraite baterako, ingurumen eta garapen iraunkorraren alde aritzen dena, eta lana eta zaletasuna elgarri uztartzekoak zirela ohartzen nintzen.

Zure xedea gauzatzeko militantziak lagundu zaitu beraz?

Bizin, transizio ekologikoaren teoria gauzatzea ikasten da, eta bertzalde talde-lanetan aritzen ginenez geroz, jende ainitz ezagutu dut. Horietako bat zen Julien, enekin Patxa’ma sortu duena. Bide berekoak ginen, hura ere egona zen bulegoko lanetan luzaz, ingeniorea energia sailan, eta berdin huntaz higatua. Eta geroari buruz zerbait baliosa egiteko nahikeria zuen ere bai. Maiz elkarretaratu ginen, aintzinatzeko, eta eraikikuntzan egiteko ainitz bazela jabetu gara, birziklaketan. Eta gan den urteko buruilean Patxa’ma sortu dugu.

Zuen metodoa adierazi aitzin, zertako Patxa’ma hautatu duzue izenatzat?

Baionako elkarte izigarri ezaguna zen Patxa, aitzinazale sail guzietan. Aunitzek baino lehen ulertua zuten ingurumenaz behar zela axolatu. Bertzalde, aimara eta kitxua hizkuntzaz, Ama Lurra Patxamamma deitzen da. Aipamen bat nahi genien egin.

Zuen eginmoldea zehazten ahal duzu?

Suntsituak izanen diren etxe eta eraikinetan, onak eta baliagarriak diren gaiak ez botatzea da gure helburua, eta gero balore bat emaitea, hobekuz eta berriz salduz. Hau da gure modeloa. Arkitektoek, artisauek, partikularrek deitzen gaituzte, eta lanak hasi baino lehen, lekua aztertzen dugu: berziklagarriak diren gaiak kentzen ditugu guhaurrek. Gero sailkatzen, erreferrentziak emaiten eta biltegian altxatzen. Hala nola, edozein motako altzari, leiho, ate, zurrezko edo altzairuzko pieza izan daiteke.

 

«Baliagarriak diren ekaiak ez botatzea da gure helburua»

Eta ekai horiek nola baloratzen dituzue?

Saltzen ditugu. Xantierretan iragaiten ditugun orenak merke ordainarazten ditugu, honenbertzez saltzea garrantzitsua da guretzat. Ez dugu dendarik izaiten, katalogo batean gure erreferentziak ikusgai dira, eta norberak hahi duena erosten ahal du.

Zazpi hilabeteren ondotik, zuen helburuak bete dituzue?

Bai, bi gara denbora osoz aritzen garenak, eta behar denean laguntzen gaituzte elkarteko kideek. Eskaera handia bada, gu bezalako enpresa edo elkarte gutti bada. Bertzalde, erakunde batzuen lagungoaz bermatzen gara: enpresa mintegi bat, Industria Ganbera…

Geroari buruz, zer nolako egitasmorik daukazue?

Alde batetik gure ekipa azkartu eta osatu nahi genuke, eta bertzaldetik biltegi handiago bat behar genuke. Aitzin-salmentak ere garatzeko nahike ria dugu. Lehentasuna handienetako bat da profesionalek zein partikularrek ezagut gaitzaten, eta gai birziklatuez ikus dezaten zen egiten ahal den.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun