Iparraldean elkartasun sare bat osatzen ari da Slow Food-Bizi Ona elkartea

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 24a, 19:00

24 hornitzaile eta 16 bitartekari ditu Iparraldean Slow Food-Bizi Ona elkarteak.

Iparraldeko ekoizle eta bezerogaien arteko lotura atxikitzeko, bertako laborariek beraien mozkinak saltzen segi ditzaten, laguntza ematen dute batez ere logistika mailan.

 

Euskal Herrian ere abarrak dauzka Slow-Food (Janari urria) mugimenduak, eta Iparraldean “Bizi-Ona” deitzen den elkartea da haren ordezkaria. Slow Food 1986 sortu zen Italian, eta geroztik mundu osoan hedatu da. Herri eta eskualdetako usaiazko mozkinak, sukaldaritzak, eta lotutako bizi moldeak eta ekosistemen begiratzea dira helburu nagusiak.

Honenbertzez, Covid-19an krisialdia hasi orduko, hemengo laborari eta ekoizleen geroaz axolatzen hasi dira berehala. Elkarteko bulegoko kidea da Maider Laduche azkaindarra, eta argi dauka: «Erronka handieri buru egin behar diete laborari eta ekoizleek, ezin asmatuzkoak. Urrun mugitu ezinean dira bezeroak ere, eta ez nahi bezainbatetan gainerat. Hori ikusita, gure sareko laborariak deitu ditugu, logistikaren lana errazteko ororen buru: haiek eta bezeroen artean, “bitartekariak” izanen gara gu, elkarteko kideak: laborariek beren itzuliak murrizteko, eskualde bateko bezeroen manuak bateratuko dituzte, guri utziko, eta bezeroak etorriko zaizkigu beren erosketen bilat. Gure artean ostalari eta tabernari aunitz baitira hozkailu eta behar dena badugu, jatekoa behar bezala atxikitzeko. Gisa horretan, guttiago mugitzen da jendea».

Erran gabe doa urririk lan egiten dutela: «Erosketak ekoizle eta bezeroen artean zuzenean iragaiten dira, honetaz ez gara bat ere axolatzen. Gure usaiako jarduna da hemengo sukaldari, kontsumitzaile eta laborarien artean lotura azkartzea, izan dadin elkarretaratze edo ateraldiak eginez. Honetakoan ere lotura hau begiratzen dugu, ahal dugun heinean».

 

24 hornitzaile, 16 bitartekari

Catherine Marchand ere elkarteko bulegokoa da, eta gisa berean elkartasunaren beharra azpimarratu du: «24 hornitzaile eta 16 bitartekari gara egundaino, Iparralde osoan. Senperen L’Auberge Basque (Bastid Agerrea) eta La Ferme du piment (Laputxa Garaia) bitartekari ditugu. Bakoitzaren beharrak betetzeko asmoz ari gara, adibidez oharrak zabaltzen ditugu, laborari batek soberakinak badituenean…Gure webgunean xehetasunak atzemanen ditu nahi duenak: http://slowfood-biziona.fr/».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun