COVID-19: Elkarrizketak

«Urdazubiko bestak bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan dugu azkenean»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 18a, 13:30

Jaione Perurena Azkarraga, Urdazubiko bestak antolatzeko batzordean aritzen da.

Herriko bestak ate joka zituztela jaso zuten alarma egoeraren berria. Itxaropena galdu gabe, azken momentura arte saiatu dira ospakizunei eusten, baina ezin: «ez da erabaki erraza izan, baina ez dugu bertze aukerarik izan». Besten antolakuntza taldean dabilen Jaione Perurena Azkarragak azaldu du erabakia eta egoerak hobera egiten duenean «besten seinalea» egiteko asmoa dutela ere aipatu du. 

Ilusioz eta lanez gainezka behar zuen Jaionek bestetako azken kontuak lotzen, baina errotik aldatu da egoera: «zoritxarrez bertan behera utzi behar izan ditugu urte osoan zehar esperoan egoten garen bestak». Tristura hitzetan nabari zaion arren, bestarako gogoa ez dute galdu eta egoerak hobera egiten duenerako zerbait antolatzeko asmoa dute: «ez dugu herria egun berexi hauek gabe utzi nahi eta hau dena pasatzean, posible izanez gero, besten seinaleren bat egin nahiko genuke».

Ez zenuten pentsatuko halakorik gertatzerik izanen zenik… nola hartu duzue erabakia? 
Covid-19aren afera hau guztia hasi zenean, hasiera batean, esperantza genuen egoera lasaitu eta bestak ospatzeko aukera izango genuela. Gero, ordea, egoerak okerrera egin eta panorama beltza zela konturatu ginen, hau luzerako izanen zela. Azken momentura arte itxaroten egon gara, egoerak hobera eginen zuenaren esperantza izan dugu, baina azkenean Urdazubiko bestak bertan behera uzteko erabakia hartu dugu. Ez da erabaki errexa izan, baina ez dugu bertze aukerarik izan.

Ze alternatiba dituzue burutan? 
Herriko besten seinale bat egiteko asmoa dugu, aurrerago bada ere. Momentuz ez dakigu noiz arte iraungo duen egoera honek, beraz, data bat zehaztea ezinezkoa zaigu. Aurrerago zerbait egiteko aukera ez dugu baztertzen. Bertzalde, proposamenik izanez gero, herritarrei haien ideiak guri jakinarazteko deia egin diegu. Azken finean, Xalbatore besten keinu bat egitea da gure asmoa, posible den heinean.

«Galera ekonomikoa eta soziala izanen da. Ederki nabarituko dugu Urdazubiko bestak ospatu ezin izana»

Zer galera dakar honek?
Galera ekonomikoa eta soziala. Herriko gazteek jartzen dugun ostatua, boletoen salmenta eta antolatzen diren ekitaldiak diru-iturria dira guretzat; errentagarritasuna ona izaten da. Bestak antolatzerakoan sortutako gastuak estali eta urtean zehar bertze ekitaldi batzuk antolatzeko baliatzen dugu dirua. Galera soziala ere aipagarria da, izan ere, besten aitzakiarekin herri guzia elkartzeko aukera izaten da, adin guzietako jendea harremantzen da. Beraz, aurten, ederki nabarituko dugu Urdazubiko bestak ospatu ezin izana.

Hitzartutako ekitaldi eta musika taldeen kontzertuekin zer gertatuko da?
Jadanik hitzartua genuen guzia deuseztatu behar izan dugu. Batzuk aurretik deitua ziguten egoera honen erruz ezinen zutela etorri erranez. Gainontzekoei egun hauetan ibili gara deika haien zerbitzuak ezeztatu beharko ditugula adierazteko. Denek arras ongi ulertu dute, badakite zein den egoera eta hainbatek hurrengo urteko bestetarako haiekin kontatzeko eskatu digute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun