2020eko herri hauteskundeen irakurketa gazi-gozoa egin du Sarako Har Hitzak

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 16a, 07:30
Sarako Har Hitza taldekoak, hauteskundetarako argazkian.

Kanpainako gastuak ordaintzeko diru-bilketa ere proposatu dute

Sarako Har Hitzak azkeneko herri hauteskundetako emaitzeen irakurketa egin du. «Duela 6 urte hartu genuen bidea zentzuz betea dela frogatzen dute» diote idatzian eta hirugarren hautetsia lortu dutela azpimarratu dute. Horretaz gain, hauteskundeetako gastuak ordaintzeko diru-bilketa ere proposatu dute. 

Duela sei urte lehen aldikotz aurkeztu zirenean, «Saran abertzale gisa aurkeztea berria zen, Senperen eta Azkainen ohizoa zelarik. Aldi honetan ez du eztabaidarik sortu». Azken sei urteetan bi hautetsi ukan dituzte eta sekulako lana egin dutela goraipatu dute, «ide bat ideki dugu zango bat ezarri Herriko etxean eta mapa politikoan, oposizio lana egin dugu eta gai askotan eragin eta Herriko etxeko ibilmoldea ezagutu dugu eta esperientzia bildu».

2020ko bozetara ahulduak aurkeztu diren arren egoerari itzulia eman diotela dio Sarako Har Hitza taldearen oharrak: «Talde berri bat muntatu dugu, dinamika berri bat sortu, zerrenda berria osatu dugu, gaztea eta orai sei urte gurekin ez zirenak gutara hurbilduz, abertzale mundutik hurbildu direnak baditugu, programa berri bat egin dugu eta eztabaidan gure tokia atxiki dugu».

 

Emaitza gazi-gozoak

Emaitzak gazi gozoak izan direla onartu dute, batez ere Ziburu, Urruña, Kanbo edo Itsasu bezalako herrietan abertzaleek lortutako emaitzekin konparatuz, «baina hauek eskuin frantsesa dute parean, ezker eta ekologistekin elkartuak dira eta aspaldiko urteetako lanaren fruitua biltzen ari dira… Gu bertze etapa batean gara eta bertze estrategia bat hautatu genuen». Hasierako helburua hirugarren hautetsia lortzea zela eta hori lortu dela ere azpimarratu dute.

Pareko zerrenda berritua zela, gazteak sartu direla, «eta gutarik hurbileko jendea eta programa» izan dutela ere aipatu du Har Hitzak: «Eskuin kontserbadore boz guzia hasieratik horientzat eta abertzale edo aurrerakoia biltzen aritu dire, gure bozka eremua zatitu da».

Ondorioz baldintza hauetan hara Har Hitzaren ondorioak: «Arriskua bazen eta ez gara erori, hirugarren hautetsia lortu dugu, hasierako helburua zena, programa sendoa egin dugu, lan talde berri eta dinamiko batekin gure hautetsien segipena egiteko, parekoak gure gaietara hurbildu ditugu, bozetan irabazi ez duguna hor irabazi dugu, sinesgarritasuna irabazi dugu eta eragiteko ahalmena ere seguraski…».

Orain taldeak hiru aste bederen baditu bere lan dinamika gogoetatzeko, herriko kontseilu berria maiatza erdi arte ez baita osatuko konfinamenduarengatik.

 

Diru-bilketa kanpaina

Har Hitzaren kanpainak eragin gastu ekonomikoeri aurre egiteko elkartasunezko diru bilketa bat proposatu dute. Izan ere, 2.339 euro gelditzen dira pagatzeko hilabete bukaera aintzin. «Konfinamendu garai huntan, pentsatuak ginituen diru bilketarako ekimenak ezin ditugu antolatu, ondorioz interneten bidez diru emaitza baten egiteko deia» luzatu dute, lotura honetan.

Ordenagailuz diru-mugimendurik egin ahal ezin dutenek eta bertze gisa batez dirua helarazi nahi dutenek Marie Pierre (05.59.51.20.21) edo Ellande (05 59 47 52 46) deitzen ahal dituzte.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun