Lannemezango euskal presoek deitutako gutun bidalketa masiborako azken egunak

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 7a, 11:00

Xistor Haranburu Senpereko presoa eta berarekin batera, Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak askatzeko eskatuz gutun bidalketa masiborako deia egina dute Lannemezango euskal presoek eta bihar arteko, apirilak 8, epea ezarria dute horretarako. Zehazki, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eta Nicole Belloubet Justizia Ministroari idazteko eskatua diete herritarrei.

Hain zuzen, bihar beteko dira 30 urte Haranburu, Parot eta Esnal espetxeratu zituztenetik eta hala, espetxean noiz arte izanen diren galdetu dute Lannemezango presondegian dauden Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek. Frantziako estatuari bake prozesua aintzat har dezan eta norabide horretan ekintzak abiatzeko galdegin diote Gobernuari.

Baldintzapeko askatasuna ukatua

Lannemezanen dago preso Haranburu eta 2008az geroztik baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera du. Behin baino gehiagotan egin izan du eskaera baina guztietan ukatu diote. Baldintzapeko askatasunaren azken eskaera joan den urteko maiatzaren 7an aztertu zuten Parisen. Prokuradoreak baldintzapeko askatasuna ez onartzearen alde egin zuen baina defentsa eta gaur egun Haranburu dagoen Lannemezango kartzelako zuzendaria horren alde agertu ziren. Uztailaren 5ean Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak aske uzteko erabakiaren berri eman bazuen ere, Ministerio Publikoak erabakiari helegitea paratu zion eta hala, preso segitzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun