Koronabirusa Suitzara ere ailegatua da. Halaxe baieztatu digu Jone Bonnemaisonek: «Tessin kantonamenduan otsail bukaeratik kasu andana agertu dira. Tessin Italiaren mugan dago eta 250.000 bat langilek egunero Suitzara lanera etortzeko muga zeharkatzen dute, eta horietatik 66.000 Italiatik heldu dira. Horrek azaltzen du dena». Geroztik, ordea, zabaldu egin da pandemia: «orain Suitza osoan, baina bereziki Leman lakuaren inguruan, hainbat kasu agertzen ari dira». Ez da hortik urruti bizi urdazubiarra. Montreux hirian egina du kabia Suitzara joan zenetik, «ez naiz mugitu, hemen ongi sentitzen bainaiz», dio. Prozesu kimikoen segurtasun ingeniari gisa egiten du lan, nahiz eta orain amatasun-bajan dagoen.
«Bi urteko semea etxe barnean dibertitzeko aktibitateak asmatzen pasatzen dut eguna, lau hilabeteko umeaz arduratzen naizen bitartean».
Suitzan ere karrikak hutsik utzi ditu koronabirusak: «karriketan ez da nehor ikusten, eta supermerkatuetan isiltasun eta seriotasun handia dago». Bere lankide aunitzek telelana egiten omen dute, «astean bizpahiru egunez». Bere egunerokoan ere sumatu du eragina Bonnemaisonek: «amatasun-bajan nagoela aprobetxatuz, Euskal Herrirat haurrekin joan-etorriak egiteko asmoa nuen». Sorterrirako bisita alde batera utzita, «nire bi urteko semea etxe barnean dibertitzeko aktibitateak asmatzen pasatzen dut eguna, lau hilabeteko umeaz arduratzen naizen bitartean». Hala ere, koronabirusak bere egunerokoa baino gehiago «nire seme nagusiaren bizia aldatu» duelakoan dago: «birusa agertu baino lehen, Kerman baratze handi bat duen haurtzaindegi batera joaten zen eta gu ahal bezainbertze ateratzen ginen paseatzera».
Ez dute etxetik ateratzeko debekurik. Bai, ordea, gomendioak: «konfederazioak gomendio orokorrak eman ditu: etxetik ahal bezain gutti ateratzeko, eskuak maiz garbitzeko, ahal dutenei telelana egiteko eskatu die eta erantzukizun indibidualerako deia egin du». Tessin kantonamenduan, berriz, «industria eta obralekuak ixtea erabaki dutela» azaldu digu. Gainerakoan, «jarduera ekonomikoan ahalik eta gutien eragin dezan, dagoeneko laguntza ekonomikoak ematen hasi direla» adierazi digu, eta ospitaleetan egoerari «aitzin hartu» dietela dio: «materialik ez da falta eta artatzaile taldeak handitu dituzte».
Kezka
Suitzan «nahiko babestuta» sentitzen dela aitortu digu, «lehendabiziko kasuak agertu zirelarik politikariek berehala hartu zituztelako neurriak eta suitzarrak, berriz ere, diziplina handia dutela erakusten ari direlako». Baina horrek ez dio kezka guztiz alde batera utzi: «hemengo herrialdeetan hartu diren neurri gogorrekin, kurbek birusa nekez kontrolatzen dugula erakusten digute. Pentsa nolako eragina izan dezakeen guti garatutako herrialdeetan edo herrialde pobreetan».
Sorterrira begira ere «hasieran kezka» eragiten omen zion Euskal Herrian «birusak hartu zuen hedapenaren abiadura ikusita. Gainera, gobernuak neurri gogorrak hartu arren, sare sozialetan jendea kanpoan ibilki zela ikusten zen, aunitzek ez zutela arduraz jokatzen». Egoera horretan, «nire familiarekin maiz solastatu ahal izateak lasaitu» egiten duela aipatu digu.
Etorkizunera begira
«Krisi honen ondorioen arabera, akaso lanez aldatu beharko dut».
Argi dio etorkizun hurbilean non ikusi nahi duen burua: «mementoz, hemen gelditu nahiko nuke». Hala ere, «krisi honen ondorioen arabera, akaso lanez aldatu beharko dudala» kontatu digu. Oraingoz Suitzan, baina «urte batzuen buruan» etxera itzultzeko aukera burutik pasatu zaiola ere onartu digu: «alde batetik, familiarengandik hurbil izateko itzuli nahiko nuke, baina bertzalde, hemengo herritarren balioak partekatzen ditut eta nire semeei transmititu nahiko nizkieke».