2020ko denboraldiko Baztandarra Txirrindulari Taldeko eskola aurkeztu dute Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 9a, 07:32

Baztango eta hurbileko herrietako 8 eta 16 urte bitarteko 64 neska-mutikok osatzen dute

2020ko denboraldi honetako CC Baztandarra Txirrindulari Taldeko Txirrindularitza Eskolako aurkezpena egin dute martxoaren 7an Urdazubin. Txirrindularitza Eskola honetan Baztan Bailarako eta hurbileko herrietako (Narbarte, Ituren, Bera…) 8 eta 16 urte bitarteko 64 neska mutikok parte hartzen dute. Baztan-Bidasoaldeko Txirrindularitzo Kluben artean Eskola duen bakarra da.

Urdazubiko Kultur Etxean larunbatean egin zen aurkezpen ekitaldiak Miguel Indurainen babesa izan zuen. Bertan hainbat mailetako txirrindularien  aurkezpena egin zuten, baita bere monitoreena ere. Txirrindulariak benjamin, alebin, infantil eta kadete mailakoak dira. Aldi berean, lastekerten eta topaketen egutegia ere zehaztu zuten, bertzeak bertze Rural Kutxa Kopa, Diario Navarra BTT Opena.

Baztandarra Txirrindulati Taldeak Baztan-Bidasoaldeko topaketetan hiru proba antolatuko ditu eta honetaz gain ekainaren 27an, Arizkunen Nafarroako Kirol Jokoetako BTTko proba bat ere antolatuko du.

Txirrindularitza Eskola babestuko duten enpresen aurkezpena ere egin zen: Josenaea, Malkorra eta CEM2. 

Urteetan lanean ibili diren juntakideen lana eskertzeko omenaldia egin zuten. Hemendik aurrera juntakide berrien txanda izanen da.

Ondoren herriko Frontoian txirrindulariak bere lehendabiziko pedalkadak eman dituzte horretarako prestaturiko Gynkanetan. Bukaera emateko merendua banatu da partaide eta zaletuen artean.

 

CC Baztandarra Txirrindulari Taldea

Club Ciclista Baztandarra-CCBTT 1983an sortu zen, Txuma Eugi “Tubulari” txirrindulari zaletu eta gogotsu batek osatu eta bideratu zuenean.

Baztango Itzulia salbatzeko intentzioarekin sortu zen. Garai horretan Nafarroako zaharrenetakoa zen, Elizondoko besteetako ekitaldi nagusienetakoa. Itzulia desagertzeko arrisku haundia zegoen eta azkenean ezinezkoa izan zen jarraipena eta segida ematea.

Hasieratik zituzten eta lantzen diren helburuak hauek lirateke: neska-mutikoak txirrindularitzan aritzea, txirrindulako trebeziak lantzea, ohitura osasuntsuak lantzea, taldeko lana, elkarrekiko errespetua, naturarekiko errespetua eta kirol honen inguruan diren hainbertze balore lantzea.

Proiektua hutsetik abian jarri zen, bitarteko eta materialik eza nagusitzen zen baina ilusioz beteriko lagunak ziren.

Zailtasunak gaindituz, aipatutako Baztango Itzulia antolatzeaz gain hainbertze karrera martxan jarri ziren: kadeteak eta jubenilak Erratzun-Izpegin, Arizkun, Elizondon, Irurita-Meakan, Mugairin, Almandozen.

Aipagarriak dira Bagordi gainean Nafarroako Itzuliko etapa helmuga antolatu ziren edizioak ere, jendetza biltzen baitzen errepide bazterretan. Lehendabiziko edizioan Martin Early irlandarra garaile suertatu zen Miguel Indurain gaztea gaindituz.

Haurrei dagokionez, eskoletan deialdia zabaldu zen eta lehendabiziko taldetxoak osatu ziren. Une onenetan 40 lagun izatera ailegatu zen.  Garai horretan enpresagintzan ekintzailea zen Juanito Meokiren laguntzarekin, bere kamiseta laranja, biserak. Ondoren Sansiñena Taillerrak lekukoa hartu zuen Agria izenburupean.

Lehiatzeko unea heldu zenean, kadeteek lehendabizi eta jubenilek ondotik, Miguel Bajoren gidaritzapean Nafarroako errepideetan lasiterketetan parte hartu zuten.

Helduentzako Zikloturista taldea sortu zen, Ramon Jaurenaren (mendi istripu batean hil zena) bultzadarekin. Bere denboraldiko igandeetako irteera egutegia bazuten, eta maila haundiko irteera batekin eta lagun arteko bazkariekin akitzen zituzten denboraldiak.

Azkeneko hamarkada hauetan Klubak zikloturistak federatzen zituen baita txirrindulari masterren bat edo bertze ere, baina ez zegoen Eskolako jardunik.

Bolada eta pausu berri honetan Klubak Txirrindularitza Eskola eta haurren aldeko bultzada indartsua egin du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun