'Gaki ge!' izanen da aurtengo Herri Urratseko lema

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 15a, 11:36

Seaskako ordezkariak, gaur egin duten agerraldian. Argazkia: Euskal Irratiak

Maiatzaren 10ean eginen dute Iparraldeko Ikastolen aldeko festa Senperen. Gaki ge! lema hautatu dute aurtengorako, bagoaz! Senpereko euskalkian. Gaur egindako agerraldian azaldu dutenez, Ziburuko Pierres Larzabal kolegioa laguntzeko izanen da aurten bilduko duten dirua.

Heldu den ikasturtean, lehen aldiz, 1.000 ikasle baino gehiago izanen ditu Pierres Larzabal kolegioak. Gainezka dago eta hazkundeari aterabide bat atxemaiteko jasoko du, Herri Urrats festaren bidez, Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkartearen laguntza.

Abestia eta bideoklipa ere prest dituzte eta laster kaleratuko dituzte. Ortzi Idoate bertsolariak idatzi du letra, Diabolo Kiwik osatu du kantua eta Etxek grabatuko du bideoklipa.

Ohikoa denez, Herri Urrats festa baino lehenago ekitaldiak ere antolatuko dituzte. Otsailaren 9an, erraterako, bertso saioa izanen dute Senpereko Larreko Gelan. Bertsolari txapelketa nagusiko zortzi finalistak ariko dira kantuan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun