Giro ederra Saran egin duten bertso bazkarian

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 14a, 11:00

40 bat lagun bildu ziren iragan igandean Gure Irratiak antolatuta Sarako Urtxola jatetxean egindako bertso bazkarian. Joan den urteko bertso afarian baino jende gutiago bildu bazen ere, jateko goxoa lagun, giro ederrean joan zen Sarako 4ko Plasara eta Baxenabarreko Eskukula taldeen arteko bertso saioa. 

Bi taldeak Taldekako Xilaba txapelketan elkarren aurka arituak ziren, Amikuzen, Eskukula taldearen etxean. Aldi honetan, saratarren herrian izan zen lehia. Saioan Urtxola jatetxea Saran ala Zugarramurdin dagoen galdera aireratu zuten. Ellande Alfaro saratarrak bere agurrean laburbildu zuen ederki erantzuna: «Ai zein goxoki egonak garen, gaur Urtxola jatetxean, Nafar Lapurdi bertsoak ontzen, errota honen baratzean, nahiz diren nafartarrak, ez bertsolari txarrak, eta hau ondorioztatzean, beren lurretan kantatu dute, bainan guk gure etxean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun