Aurten ere bi lasterketa eginen dituzte martxo hondarrean Saran

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 12a, 12:00

Dagoeneko izen-ematea zabaldu du Sara Korrika taldeak

Joan den urtean bezala, martxoaren 28an hirunakako lasterketa eginen dute eta biharamunean aurten hamabosgarren edizioa beteko duen 22 kilometroko mendi lasterketa. Taldekakoan gehienez ehun taldek ematen ahalko dute izena eta banakakoan 650 parte-hartzaile onartuko dituzte.

Joan den urteko arrakasta errepikatzeko gogoz, aurten ere bi lasterketekin borobildu nahi dute martxo hondarreko asteburua Saran. Sara Korrika taldeak antolatuta, alde batetik, aurten hamabosgarren aldiz Sarako Korrika Trail mendi lasterketa eginen dute, eta horrez gain, hirunakakoa. Joan den urtean egin zuten taldekakoa estreinakoz, taldeak 20 urte bete zituelako. Aurten berriz egitea erabaki dute.

Izen-ematea

Bi lasterketan izen emateko epea zabalik da Internet bidez. Bi kasuetan 18 urtetik goitiko kirolariek parte hartzen ahalko dute. Taldekako lasterketan, hirutik batek gutienez emakumezkoa izan beharko du eta parte hartzeko taldeko 47 euro ordaindu beharko dituzte. Gehienez ehun talde onartuko dituzte.

22 kilometroko luzera eta 1.600 metroko desnibela dituen mendi lasterketan, bertzalde, lasterkariak 25 euro ordaindu beharko ditu parte hartzeko eta gehienez 650 lagunek izanen dute parte hartzeko aukera.

Martxoak 28, errelebo lasterketa

  • 12:00etan lasterketa hasiko da. Errelebo aldaketak Xabalon eginen dira eta han izanen da hornidura puntua. Plazatik abiatzen den lasterkariak 830 metroko malda duen 11 kilometroko ibilbidea egin beharko du; bigarrenak 900 metroko malda duen 11 kilometroko itzulia eta hirugarrenak 550 metroko malda duen 9,5 kilometroko buelta.
  • 19:00etan sari banaketa eginen dute.
  • 20:00etan afaltzeko bilduko dira.

Martxoak 29, 22 kilometroko banakako lasterketa

  • 07:30ean dortsalak eta kamisetak Sarako plazan banatuko dituzte.
  • 09:00etan lasterketa plazatik abiatuko da. Lizuniagatik pasatzeko –lasterketako 13. kilometroa– gehienez bi ordu eta 45 minutu izanen ditu lasterkariak. Berantago ailegatzen direnak antolatzaileek hasierako puntura eramanen dituzte.
  • 10:45 aldera lehenbiziko lasterkariak ailegatuko dira.
  • 13:00etan sari banaketaz gain, opariak banatuko dituzte. Jatekoa eta edatekoa ere izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun